Koronabirusa

"Birus honi aurre egiteko egoera ekonomiko onean da Udala"

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 1a, 10:26

Gai ekonomikoentzako tartea hartu zuten telematikoki ostegunean egin zuten udalbatzarrean. 2019ko aurrekontuaren likidazioa onartua geratu zen. Xabier Olano udal kontuhartzailearen esanetan, Usurbilgo Udalaren egoera ekonomiko eta finantzarioa ona da, covid19-ak eragindako ondorioei aurre egiteko egoera onean da Udala.

Tarteka egin ohi duen moduan, Usurbilgo Udalaren egoera ekonomiko eta finantzarioaren berri eman zen, covid-19aren eraginez, lehen aldiz telematikoki egin behar izan zuten osteguneko udalbatzarrean. Zehazkiago esanda, 2019ko udal aurrekontuaren likidazio onarpenaren berri. "Usurbilgo Udalaren egoera ekonomiko eta finantzarioa ona zen 2019ko abenduaren 31n", adierazi zien udal ordezkariei, Xabier Olano udal kontuhartzaileak. Covid19-aren eraginez bizi dugun egoerari aurre egiteko, "egoera onean da Udala", 2018an eta 2019an gertatu den moduan. Azken bi urteotan indarrean izan den udal ekonomia eta finantza plana "oso ondo bete da", udal kontuhartzailearen esanetan.

Aurrera begira, "aurreko urteko exekuzioa, uneko aurrekontua eta hurrengo urteetarako aurreikuspenak ikusirik, ezusteko eragiketarik gertatu ezean, bermatuta dago entitatearen finantza iraunkortasuna datozen ekitaldietarako". 

Landua duen txostenean bildutako zenbaki nabarmenekin marraztu zuen aipatu egoera. Iazko abenduaren 31n, sarrera arruntak gastu arruntak baino handiagoak zituen Udalak; guztira, 2,5 milioi euroko aurrezki garbia. 

Udalak 4,3 milioi euro zituen diruzaintzako izakin likidoetan. "Asko da Usurbil bezalako herri batentzat", udal kontuhartzaileak adierazi zuenez. 

Zergen ordainketa
Udalbatzar telematikoa hasi berritan, alkatetatzako dekretuen berri ematerakoan, EAJ-k udal zergen atzerapenaren gaia aipatu zuen. 

Udal gobernu taldetik gogorarazi zenez, dekretu bidez osasun-larrialdi honi begirako neurri ekonomiko sorta bat onartua du Udalak; tartean, Udalak ematen dituen zerbitzuak kobratzea, ematen ez dituenak ez, edota eman gabe kobratu badira dirua itzultzea. Bestetik, udal zerbitzuen tasen eta prezioen ordainketa epeak malgutasunez atzeratzea bizi dugun larrialdi egoera amaitu artean. Eta udal zergak borondatez ordaintzeko epeak atzeratzea. Gai honi buruzko xehetasunak, albiste honetan bildu genituen: udal dekretua.