Berastegi, Berriatua, Donemiliaga, Hernani, Larrabetzu, Leintz-Gatzaga, Oiartzun, Segura, Zaldibia... eta orain Usurbil. Udalbatzak ostegunean eginiko osoko bilkura telematikoan, Hobeki, hondakinen kudeaketa hobetzeko Euskal Herriko toki erakundeen elkartera atxikitzea erabaki zuen gehiengo osoz. Lur Etxeberria zinegotziak azaldu zuen moduan, "bere helburua praktika onak bultzatzea, herri arteko informazioa trukatzea eta ideia berriak sortzea" da.
Hainbat konpromiso hartzearekin bat egiten du Udalak; elkarteak berak sustatzen dituen printzipioen arabera garatzea hondakinen kudeaketa, eremu honetako plangintza bat diseinatu, eta udalerri bakoitzaren unean uneko informazioa partekatzea. Horrekin batera, "tratamentu finalistara doan zatia ahalik eta txikiena izateko konpromisoa hartzen da. Zabortegi konbentzionalen edo errauste-planten ordez, bestelako tratamendu jasangarriak hobetsiko dira".
Oposizioa aurka
2018ko ekainean aurkeztu zuten Hernaniko Oronan. Aurkezpen egun hartakoa duzue, albiste honi atxikitako bideoa. Aurretik, urte hartako maiatzeko osoko bilkuran elkarte honen printzipioekin bat egitea erabaki zuen udalbatzak. Orain urrats berri bat eman du; elkarteko kide izatera igaro da Usurbilgo udalerria. Pauso hau bi urte beranduago eman izana, Etxeberriak argitu zuen osteguneko udalbatzarrean. "Usurbilgo Udalak orain arte ezin izan du Hobeki elkarteko kidea izan, plan finantzarioa tarteko. Hau bukatuta, orain kide izan gaitezke". Aurrerantzean, urtero 4.000 euroko ekarpena egingo dio Udalak Hobeki elkarteari. Partaide diren udalerri guztiek, biztanleria kopuruaren araberako ekarpen ekonomikoa egingo dute.
Proposamenaren aurka bozkatu zuten oposizioko udal taldeek. EAJ-tik adierazi zutenez, "gu Batzar Nagusietan onartutako PIGRUG planaren aldekoak gara eta ez dugu honen beharra ikusten". PSE-ko udal ordezkari Patxi Suarezek Hobeki elkarteak hondakinen kudeaketa hobetzeko sustatzen dituen dekalogoko zenbait neurrirekiko adostasuna agertu zuen arren, "ez dut partekatzen errauste plantari buruz hitzarmenak esandakoa".
Honenbestez, Hobeki elkartearekin bat egiteko proposamenak udal gobernu taldearen, EHBilduko udal ordezkarien babesa izan zuen soilik.
Hobeki elkartearen printzipioak
-
Osasunaren eta ingurumenaren zaintza lehenesten dugu hondakinen kudeaketan. Ez da kudeaketa onik herritarron osasuna arriskuan jartzen badu, edo naturari kalte egiten badio.
-
Herritarrok eta herri-erakundeok elkarren eskutik joan behar dugu. Eginkizun honen izaera kolektiboa nabarmentzen dugu, eta gizalegez jokatu beharra azpimarratzen. Hondakinak ondo sailkatzea guztion betebeharra da, eta ondo sailkatutakoak ondo tratatzea herri-erakundeon betebeharra da. Utzikeriazedo zabarkeriaz jokatzea, aldiz, ez da inoren eskubidea. Kostu ekonomikoakportaeretara doitu behar dira: ez da onargarria jokabide egokia dutenei besteen utzikeria ordainaraztea.
-
Herritarrak ahalduntzeak eskatzen du, batetik, prozesu osoaren parte aktibo izateko aukera ematea, bigarrenik, hondakin horiekin hasieratik bukaerara zeregiten den garbi azaltzea, eta, hirugarrenik, erabakietan parte hartzeko aukera ematea.
-
Kudeaketak hondakinen zikloa bere osotasunean hartu behar du, ikuspegi zirkularra landuz. Sortutako hori naturara itzuli behar da, kalterik eragin gabe, eta, ahal dela, modu probetxugarrian. Hondakinak izan bitez lehengai.
-
Edozein tratamenduren abiapuntutzat dugu murriztea. Hondakinik onena sortzen ez dena da. Prebentzio neurriak zorroztu beharra dago, erakundeen inplikazio irmoz.
-
Bilketak eraginkorra izan behar du, horretan oinarritzen baita ondorengo tratamendua. Langintza horri dedikatzen zaiona, aurreragoko inbertsioa da. Gaika biltzeak alderdi kuantitatiboari nahiz kualitatiboari dakarkio hobekuntza. Bilketaren emaitza neurtu, ebaluatu eta hobetu beharra dago etengabe, eta zeregin horretan beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak aplikatu behar dira.
-
Murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea dira, ordena horretan, lehenetsi beharreko tratamenduak.
-
Europako jarraibideek agindutakoarekin bat, balorizazio materiala hobesten da balorizazio energetikoaren kaltetan. Europako erakundeek garbi adierazi dute gaur egun ez duela zentzurik erraustegirik eraikitzeak, Europak lehen ere sobera dituelako horrelako azpiegiturak. Ezetz diegu, halaber, zabortegi konbentzional kutsakorrei.
-
Azpiegitura lokalak lehenesten ditugu, tokiko garapena indartzea eta garraioa murriztea dakartelako, besteak beste. Era berean, azpiegitura eskalagarrien alde egiten dugu, azpiegitura zurrunak baztertuz, etorkizuna hipotekatu gabe garaian garaiko baldintzetara egokitzeko aukera ematen dutelako. Multinazionalen negozio-gosearen aurretik, herritarren interesa lehenesten dugu.
-
10. Aurrerakuntza teknologikoei duten garrantzia eman behar zaie. Hondakinen sailkatze gero eta finagoa eta xeheagoa beharrezkoa da, eta material egokiak erabiliz, horiek berrerabiltzeko eta birziklatzeko teknologietan inbertitu beharra dago.