Udarregiko DBH4 mailako ikasleak maiatzaren 25ean itzuliko dira ikastolara

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak atzo eman zuen albistea: ikasle batzuk eskolara itzuliko dira maiatzaren 18an. Ez denak. Modu mailakatuan egin nahi baita "itzulera operazioa". DBH4 mailakoak adibidez, maiatzaren 25ean bueltatuko dira ikasgelara. Tartean, Udarregi ikastolako ikasleak.

Osasun egoera okertzen ez bada behintzat, Batxilergoko bigarren mailako ikasleak maiatzaren 18an itzuliko dira eskolara. Lanbide Heziketan ere, egun horretan itzuliko dira ikasgelara goi mailako zikloetako lehen eta bigarren mailako ikasleak eta erdi nahiz oinarrizko mailetako bigarren ikasturtekoak. 

DBH4 maila, Batxilergoko lehen maila eta Lanbide Heziketako erdi mailako zikloetako lehen mailakoak astebete beranduago itzuliko dira: maiatzaren 25ean.

Haur eskoletako ume batzuk ere izango dute aukera itzultzeko, baldin eta gurasoak funtsezko jardueretan ari badira lanean. Dena den, kasu honetan ez da datarik aurreratu.

Hezkuntza Sailaren proposamenak sindikatuen kritikak ekarri ditu.

 

Mariaje Imaz: "Astelehenean zuzendaritza taldeko bilera dugu"

Mariaje Imaz Udarregi ikastolako zuzendariarekin harremanetan jarri gara. "Gu ere DBH4koak ikasgelara itzultzeko antolaketa lanetan gabiltza. Astelehenean zuzendaritza taldeko bilera dugu eta bertan antolatuko dugu gure jarduna. Oraindik beraz, ezin dut gehiago aurreratu. Erabakiak hartzen goazen neurrian informatuko zaituztegu".

Zuzendaritza Taldearen bileran, geletako antolaketa nahiz irakasleen jarduna definituko dituzte. "Izan ere, klase hauek eta etxean dauden gainerako ikasleen klaseak uztartu beharko ditugu", azaldu digu Mariaje Imazek.

 

 

Hezkuntza Sailak ezarri dituen neurriak:

- Ikasgeletan, metro eta erdiko distantzia egon beharko du eskola postuen artean.

- Aurrez aurreko eskolek egunean bost orduko ordutegi trinkoa izango dute.

- Maskarak erabili beharko dituzte ikasleek, irakasleek eta hezkuntzako gainerako profesionalek eskolan nahiz atsedenaldian daudenean.

- Ikastetxeetara sartzeko eta handik ateratzeko, ikastetxe bakoitzak antolatuko ditu. Baina mailaka egin beharko dute. Bi sarrera eta irteera dituzten eskoletan, zein den sarrera eta zein irteera zehaztuko dute, beti norabide bakarrekoak izateko.

- Atsedenaldietan hainbat txanda ezarri beharko dituzte, ikasle guztiek ordu berean bat egin ez dezaten.

- Jantoki zerbitzurik ez da emango.

- Aipatutako mailetako ikasleentzat ez da boluntarioa izango ikastetxera itzultzea. Hala ere, ezohiko egoerak egon daitezkeela dio Hezkuntza Sailak, eta kasu horiek banan bana aztertuko dituzte.

 

Erlazionatuak

Usurbilgo Lanbide Eskola: "Hasi gara itzulera prestatzen"

Zubieta

Usurbilgo Lanbide Eskolan oraindik ez dute Eusko Jaurlaritzaren jakinarazpen ofizialik jaso. Dena den, hasi dira itzulera antolatzen. Datorren aste...