#U12

Posta bidez bozkatzea eskatzeko epea zabalik

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 20a, 08:51

Correoseko bulegora joanda bideratu ahalko da, uztailaren 12rako deituak dauden EAE-ko hauteskundeetarako posta bidez bozkatzeko eskaera. Covid19-aren eraginez bizi dugun egoera tarteko, herritarrek bozkatzeko bide hau lehenestea nahi dute agintariek.

Lehendakaritzaren dekretu bidez astearte honetan bertan apirilaren 5ean bertan behera geraturiko hauteskundeetarako hitzordu berria uztailaren 12rako iragarri ostean, martxan da EAE-ko Legebiltzarra berritzeko bozketa egun horri begirako prestaketa lanen prozesua.

Posta bidez bozkatzeko epea zabalik da jada. Correoseko bulegora joanda egin liteke eskaera. Eskaria norberak egin behar du, gaixo ez bada behintzat. Kasu honetan, eta beharrezko baimendutako ziurtagiriarekin bere izenean beste pertsona batek egin ahalko du eskaera. 

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako legebiltzarreko 12. legealdirako hauteskundeak izango dira uztailaren 12koak. Herrialde bakoitzak 25 legebiltzarkide hautatuko ditu; usurbildarrek honenbestez, Gipuzkoa Gasteizen ordezkatuko duten 25 parlamentariak aukeratzen lagundu ahalko dute.

Bizi dugun osasun krisialdiak eragozten ez badu behintzat, uztailaren 12ko EAE-ko hauteskundeei begirako prestaketa lanak martxan dira jada. Hemen duzue egutegia:

HAUTESKUNDEEI BEGIRAKO EGUTEGIA
-Maiatzak 19: hauteskundeen deialdi ofiziala.
-Maiatzak 19-uztailak 5: posta bidez bozkatzea eskatzeko aukera Correoseko bulegoan (atzerrian modu iraunkorrean bizi direnek ekainaren 13ra arte).
-Maiatzaren 27ra arte: alderdiek hautagaiak aurkezteko epea.
-Ekainak 1: hautagaien baieztapen ofiziala.
-Ekainak 13-17: bozketarako mahaiak osatuko dituzten lehendakari, bokal eta ordezkoak hautatzeko Udaletako zozketak.
-Ekainak 14-20: bozketa mahaietarako hautaturiko herritarrei jakinarazpenak.
-Ekainak 26-uztailak 10: hauteskunde kanpaina.
-Uztailak 11: hausnarketa eguna.
-Uztailak 12: hauteskunde eguna.
-Abuztuaren 1a baino lehen: hautetsien izendapena.