Merkataritza hizpide

Urbil merkataritza-gunea gaur zabalduko dute

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 25a, 06:00

Segurtasun eta garbitasun alorreko neurri guztiak betearazteko, gogotik aritu dira lanean azken asteotan. “Helburua argia da: bisitariei, langileei eta operadoreei itzulera segurua bermatzea”, aitortu ditu Javier Colorado Urbil merkataritza-guneko zuzendariak. Eroski zabalik egon da bi hilabeteotan baina gainontzeko saltokiak gaur irekiko dituzte. 

“Lanean hasteko gogotsu gaude”. Horiek izan dira Javier Colorado Urbilgo zuzendariaren lehen hitzak. Gaurtik hasita, giza baliabideak bikoiztu egingo dituzte informazioa zabaldu eta garbiketa lanak indartzeko. Hauek dira eskaini dizkigun azalpenak.

 

NOAUA! Eroski zabalik egon da, baina Urbilgo gainontzeko saltokiak, jatetxeak eta zerbi–tzuak itxita egon dira bi hilabetez. Irekiera osoa gauzatu ahal izateko, egokitzapen asko egin behar izan al dira?

Javier Colorado: Protokolo bat lantzen aritu gara azken asteotan. Bi helburu nagusi ditu protokolo honek: batetik, saltoki guztien itzulera bermatzea, segurtasun osoa eskainiz. Eta bestetik,  bisitari zein langile guztien osasuna eta segurtasuna bermatzea. Hau ere funtsezkoa da guretzat.

Helburu horiek lortzeko ekintza plan bat ezarri dugu. 6 Feet Retail delako protokoloan oinarritu gara, Osasunaren Mundu Erakundearen zein medikuntza adituen aholkuak jarraituz diseinatu duguna.

"Urbil osoa nebulizazio sistema baten bidez desinfektatu dugu. Eta maiz egingo dugu, denon segurtasuna bermatu ahal izateko"

Zertan datza 6 Feet Retail protokoloa?

Hiru oinarri nagusi ditu: segurtasun-distantzia errespetatzea, garbitasuna eta osasuna bermatzea eta kontzientziazioa sustatzea. Protokoloari jarraituz, 350 neurri baino gehiago ezarri ditugu: parking-etan, sarrera-irteeretan, galerietan, komun publikoetan, klimatizazio zein aireztatze sisteman... Urbil osoa nebulizazio sistema baten bidez desinfektatu dugu. Eta maiz egingo dugu, segurtasuna bermatu ahal izateko.

 

Zirkulazioa ere egokitu egin duzue, ezta?

Sartu edota ateratzeko, sarbide guztiak independenteak dira orain. Jendea ez dadin gurutzatu. Urbilen barruan ere, pasaleku ezberdinak sortu ditugu  segurtasun-distantzia errespetatu dadin.

Bestetik, toki askotan ipini ditugu gel hidroalkoholikoak, eskuak maiz garbitzeko aukera izan dezan jendeak. Alfonbrak ere ipini ditugu atari guztietan, oinetakoak desinfektatzeko.

 

"Segurtasun eta garbiketa zerbitzuak indartu ditugu"

Protokoloari jarraituz, garbiketa zerbitzua indartu beharko duzue datozen egunetan.

Segurtasun eta garbiketa zerbitzuak indartu ditugu. Batetik, bezeroari bete behar dituen neurriak gogorarazteko. Eta bestetik, egunero garbituko ditugu sentsibleak izan daitezkeen puntuak: ate, eskailera eta igogailuetako heldulekuak, komunak... Aforoa ere mugatua izango denez, hori ere zorrotz beteko dugu.

 

Garbiketa lanak bikoiztu egin dituzte

Giza baliabideak bikoiztu egingo dituzte informazioa zabaldu eta garbiketa lanak indartzeko. “Jendearentzako irekita egongo den orduetan, prestakuntza berezia jaso duen talde batek kontaktuko gainazal guztiak (igogailuak, eskubandak, ateetako heldulekuak…) modu sistematikoan desinfektatu eta komunak sakon garbituko ditu”. Urbilgo iturriek aditzera eman digutenez, “homologatutako produktuak erabiliko dira”.

 

Nebulizazio-sistemak

Jendearentzat itxita egongo den orduetan, “merkataritza-gunearen desinfekzio osoa egingo da, nebulizazio-sistemak ere erabilita”.

 

Gela, puntu ezberdinetan

Horrez gain, gel hidroalkoholikoekin hornitutako desinfekziozko puntu batzuk ipini dituzte merkataritza-gune osoan barrena.

 

Seinaleak, norabide egokia zehazteko

Sarbideetan, sarrera eta irteera argi bereizita daude, eta erdiko korridoreetan ere  bezeroen joan-etorriak seinale bidez finkatu dituzte. “6 Feet Retail protokoloak ezarritakoari jarraituz, seinaleak gainazal bertikaletan zein zoruan instalatu dira”. Seinaleek oinez ibili beharreko noranzkoa zehazten diete bisitariei eta segurtasun-distantzia mantendu beharra dagoela gogorarazi.

 

Arreta zerbitzua

Bezeroaren arretarako guneetan, bisitarientzako informazio zuzena eskaintzen ari dira. Gainera, merkataritza-guneko galerian langileen kopurua nabarmen ugarituko da neurri berriei buruzko informazioa azpimarratzeko.