39. Sagardo Eguna

Balkoiak, Sagardo Eguneko postu bilakatuak

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 24a, 16:58

Ezin plazan ospatu, baina ez da oharkabean igaro, berez, igande hau, usurbildarren festa egun kuttunena zela. Bizi dugun osasun krisialdia tarteko, 39. Sagardo Eguna plazan egiterik ez zenez, bizilekuak sagardo zerbitzariz eta zaletuez bete dira. Zenbait kaleetako balkoiak sagardo postu bilakatuak esnatu dira gaur. 

Konfinamendu asteotan gertatu bezala, ez dute hutsik egin ezohiko 39. Sagardo Egun honetan ere. Bordaberri eta Nagusia kaleetako etxebizitza sorta batek bete betean ospatu du usurbildarren festa egun bereziena. Zumarte Musika Eskola ondoko etxebizitzetan gainera, trikiti doinuak, pintxo dastatzea ere egin dute, trikiti doinu artean. Eta garrantzitsuena, sagardoa zerbitzatzen duten trebezia erakutsi digute.

Oihal txuri eta gorriekin herriko hainbat balkoietan gogorarazi da, gaurkoa aparteko igandea zela. Eta denen desioa; 2021eko 40. edizio borobila, plazan ospatu ahal izatea.