Koronabirusa

Zenbaketa hasi zutenetik, Covid19-a zuten 14 herritar diagnostikatu dituzte

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 26a, 12:59

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak emandako datuen arabera, martxoaz geroztik aste hasiera honetara arte, 14 dira covid19-az diagnostikaturiko herritarrak Usurbilen. Iturri beraren arabera ordea, azken egunotan ez da kasu bakar berri bat ere antzeman Gipuzkoa osoan.

Zenbaketa hasi zutenetik, bi hilabeteotan 14 dira Usurbilen Covid19-az diagnostikatu dituzten herritarrak. 14, 6.318 biztanle dituen udalerri honetan. 100.000 biztanleko 221,6ko diagnostikatu tasa du Usurbilek. 

Lasarte-Usurbil osasun eremua aintzakotzat hartuta, 67 dira osasun krisialdia hasi zenetik azken bi hilabeteotan covid19-az diagnostikatu duten herritar kopurua. Zonalde honek, 25.136 biztanle biltzen ditu, eta 100.000 biztanleko 266,5eko diagnostikatu tasa du.

Kasu berririk ez
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak astearte honetan plazaratzera emandako azken datuak dira honako hauek. EAE mailan, "orain arte 1.505 pertsona hil dira guztira, eta atzo bost hildako berri erregistratu ziren. Gainera, 28 pertsona ZIUn daude, aurreko egunean baino bost gutxiago", Jaurlaritzatik zehaztu dutenez.

3.661 proba egin ziren EAE osoan atzo. PCR bidezko 2.331 probetatik 6 kasu berri antzeman ziren, guztiak Bizkaian. Gipuzkoan eta Araban bakar bat ere ez. Atzo egindako 1.330 test azkarretatik 75 kasu detektatu zituzten. "Proba horrek hartutako immunitatea edo pertsona batek sortutako antigorputzak neurtzen ditu, eta iraganeko infekzio bat adieraz dezakete."

Orain arte, PCR bidezko 2.313 kasu positibo erregistratu dira Gipuzkoan. Kasu positibo berriek nabarmen egin duten beherantz. Gipuzkoan egunak dira kasu bakar bat ere diagnostikatzen ez dela. EAE mailan erregistraturiko datu okerrena, martxoa amaieran izan zen, 723 kasu positibo berrirekin. 

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak egunero kaleratzen dituen datuen txostenak esteka honetan kontsulta ditzakezue:
Covid19-aren eboluzioa