“Tokiko hedabideok argi erakutsi dugu funtzio sozial garrantzitsua betetzen dugula”

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 28a, 11:21

NOAUA!ren moduko hedabideek kezkaz begiratzen diote etorkizunari. Koronabirusaren krisiak sektore guztiak kolpatu ditu, eta hedabideena ez da salbuespena izan. Toki komunikabideen diru-iturri propioak ia desagertu egin dira. Txanponaren beste aldean, toki komunikabideok egun hauetan lanean jarraitzeko egin duten ahalegina eta audientzietan izan duten igoera daude. “Beste egoera zail batzuk gainditu ditugun moduan, honi ere elkarlanean aurre egingo diogu”, Jone Guenetxea Arrinda TOKIKOM erakundeko presidenteak adierazi digunez.

NOAUA! Kazetaritzaren ikuspuntutik, zelan daramazue lan karga?

Jone Guenetxea: Gurea jarduera esentzial bat izanda, ez dugu etenaldirik izan. Gainera, informatzeko bokaziotik, inoiz baino tinkoago eutsi diogu produkzioari. Herritarrei informazio fidagarria zintzotasunez helarazteko konpromisoa berretsi dugu. Albiste faltsuak geroago eta ugariagoak diren informazioaren mundu honetan hedabideon lana oso beharrezkoa da. Herritarrek jakin nahi izan dute egunerokotasunean krisi honek zelan eragiten dien, eta informazio hori eskuratzeko tokiko hedabideetara jo dutela uste dut.

 

JONE GUENETXEA

“Interneten, krisi aurreko audientziekin alderatuz, %60tik gora hazi da tokiko hedabideon audientzia. Datu horiek ondo egindako lanaren adierazgarri dira”

 

NOAUA! Audientziek zenbat egin dute gora?

Jone Guenetxea: Krisiaren hasieran gaitzak gogorren jo zuen eremuetan egin zuen audientziak gora. Alearen (Araba) eta Geuriaren (Basauri) adibideak hortxe ditugu. Orokorrean, euskal hedabide guztion kontsumoak gora egin du Interneten. Tokikoon kasuan, TOKIKOMeko hedabide guztion trafikoa batuta %97ko igoera izan dugu iazko sasoi honetako datuekin alderatuz. Hau da, bisitak bikoiztu egin dira. Krisi aurreko audientziekin alderatuz berriz, %60tik gora hazi da audientzia. Datu horiek ondo egindako lanaren adierazgarri dira. Tokikook argi erakutsi dugu funtzio sozial garrantzitsua betetzen dugula gure komunitateari informazio fidagarria helaraziz. Nik neuk ere euskal hedabideon informazioa inoiz baino gehiago kontsumitu dut eta irakurle legez aitortu behar dut eduki benetan interesgarriak ikusi ditudala. Alde horretatik, pozik egon gaitezkeela uste dut.

 

2019ko bisiten bikoitza tokiko hedabideetan

TOKIKOMeko webgune guztien trafikoa batuta, apirilean 2.498.379 bisita izan zituzten guztira. Martxoan baino %8 gehiago, eta 2019ko apirilean baino %97 gehiago.

Ikusitako orrialdeak, berriz, 6.232.868 izan dira apirilean zehar. Horrek %19ko igoera dakar martxoko datuarekin alderatuta; eta %98koa 2019ko datuekiko.

 

Ahalegin handia eskatzen du

Gertuko informazioa inoiz baino beharrezkoago bilakatu den honetan, toki komunikabideak ahalegin eta sakrifizio handiak egiten ari dira komunitatearekiko konpromisoari eutsi eta gizartea ondo informatuta mantentzeko eta, datuok argi adierazten dutenez, publikoak asko estimatzen du ahalegina.

 

Galera handiak aurreikusi dira

Harro eta pozik egoteko motiborik ez da falta toki komunikabideen sektorean, baina egoera luzatu ahala, kezka ere areagotzen doa. Ahalegin, lan-zama, kostu eta informazio eskaera gehigarri hau toki komunikabideen diru-iturri propioen inoiz ez bezalako murrizketarekin batera iritsi da. Tokiko jarduera sozial, ekonomiko eta kulturala erabat geldituta, komunikabideon publizitate eta zerbitzu salmentak egun batetik bestera desagertu dira. TOKIKOMek bazkide dituen 25 entitateen artean egindako ikerketa baten arabera, martxotik abuztura %72 murriztuko da bataz beste toki komunikabideen fakturazioa, kasu askotan %80ra ere iritsiz.

 

Epe erdira ere, aurreikuspenak ez dira onak

Eurotara ekarrita, aurreikuspena da toki komunikabideek 2.532.720 euroko diru sarrerak galtzea abuztura bitartean, publizitatean eta bestelako komunikazio zerbitzuetan izandako murrizketen ondoren. Irailetik aurrera zer eta nola etorriko den ere ez dago jakiterik, baina ezin optimista izan.

 

Proiektu askoren biziraupena kolokan dago une honetan

Beste hainbat sektorek bezala, toki komunikabideenak ere erakundeen eta gizarte osoaren babesa beharko du datozen garaiotan, esentzialtasun hori garai txarretan eta hobexeagoetan ere aitortzeko. TOKIKOM erakundeekin elkarlan estuan dabil babes horri forma zehatza emateko ahaleginetan. Hainbat bideetatik etor liteke babes hori: publizitate instituzionala egiterakoan Google, Facebook eta Twitter bezalako multinazionalen gainetik tokiko hedabideak lehenetsiz, publizitate kontratazioa hobari fiskalen bidez sustatuz, diru-laguntzen justifikazioetan malgu jokatuz…

 

Baloratzen ez den lana

“Gizarteari, berriz, toki komunikabideak egiten ari diren lana ondo gogoan hartzeko eskatu nahi diogu”. TOKIKOMeko arduradunaren esanetan,  “egunotan haien bidez jakiten ari gara gauzak zertan diren herrian, gure Udalak zein zerbitzu duen martxan eta zein ez, herriko ekimenen berri ematen ari gara… Informazio eta zerbitzu garrantzitsua da hori, sarritan behar bezala baloratzen ez dena”.