Gizarte larrialdietarako laguntzei buruzko informazio erabat argigarria argitaratu du Usurbilgo Udalak, "Udalberri" aldizkariarekin batera etxez etxe banatu duen eskuorriarekin.
Aldian-aldian ematen diren prestazio ekonomikoak dira gizarte larrialdetarako laguntzak Udalaren esanetan. "Bizitzaren gorabeherak medio, hainbat momentutan, ezohikoak diren dirulaguntzen beharra izan dezakegu: horri erantzuten diete laguntza hauek". Helburu argi batekin; "gizarte bazterkeria egoerak saihestea edo leuntzea".
Laguntza hauen hartzaileak "beharrezko diren gastu espezifikoei-ohikoak zein apartekoak- aurre egiteko behar beste baliabide ez dituzten pertsonak dira". Eskaerak udaletxean edo gizarte zerbitzuetan bideratu behar izaten dira.
Laguntza hauen onuradunak izateko bete beharreko baldintzak:
-Gastu espezifikoei aurre egiteko behar beste baliabide ez izatea.
-Eskaera egiten den udalerrian erroldatua egotea eta EAEko edozein udalerritan gutxienez 6 hilabeteko errolda izatea.
-18 urtetik gora izatea.
-Bizikidetza unitatea eskabidea aurkeztu baino urtebete lehenago sortutakoa izatea.
-Laguntza alokairu gastuei aurre egiteko erabiltzen denean, Etxebiden izena emanda egotea (baldintza hau une batzuetan ez da beharrezkoa).
-Inolako ahaidetasun-harremanik ez egotea etxejabearen eta maizterraren artean.
-Bere diru-sarrerak/ondarea muga hauen azpitik egotea.
Diru-laguntza aukera:
-Alokairu gastuetarako: 250 euro gehienez hilero, urtean gehienez 3.000 euro.
-Gizarte larrialdiko egoera baino lehenagoko etxebizitza edo bizitokia erosteko kredituen interesen eta amortizazio gastuetarako: 250 euro gehienez hilero, 3.000 euro gehienez urtean.
-Energia gastuetarako (argindarra, gasa edo etxerako beste erregai-horniketa batzuek eragindakoak): 75 euro gehienez hilero, 900 euro gehienez urtean.
-Oinarrizko etxetresna elektrikoen edo altzarien gastuetarako: gehienez 1.850 euro.
-Etxebizitza egokitzeko, konpontzeko eta/edo oinarrizko instalazioak egiteko: gehienez 1.850 euro urtean.
-Ohiko etxebizitza/bizilekua mantentzeko beharrezkoak diren beste gastu batzuetarako (ondasun higiezinen gaineko zerga, jabekideen erkidegoaren kuotatik eratorritako gastuak, edo etxebizitzaren asegurua): 75 euro gehienez hilero, 900 euro gehienez urtean.
-Oinarrizko premietarako: jantziak, hezkuntza eta prestakuntzakoak, osasun-arretakoak... 1.850 euro gehienez urtean.
-Zorpetze gastuetarako: 1.805 euro gehienez urtean, kontzeptuaren arabera, gehienez 3.000 euro.
Informazio gehiagorako:
Kale Nagusia behea, 43
943 377 110
gizarte-zerbitzuak@usurbil.eus