Koronabirusa

Bigarren udalbatzar telematikoa egin dute gaur

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 28a, 13:38

Covid19-ari buruzko erakunde adierazpena edota udalaren finantziazio iturri nagusietakoa den foru funtsaren murrizketa hartu dute ahotan udal taldeek, telematikoki egin duten gaurko udalbatzarrean. Albiste honi atxikitako bideoan duzue, Usurbilgo Udalak Youtuben eskaini duen zuzeneko emanaldia.

Covid19-aren eraginez, Usurbilgo Udalak osasun krisialdira egokitu behar izan du bere jarduna egunez egun. Baita hilero azken ostegunetan egin ohi dituzten udalbatzarrei dagokienean ere. Martxokoa bertan behera utzi behar izan zuten. Apirilekoa telematikoki egin eta zuzenean eskaini zuen Udalak Youtuben duen "Usurbil Udala" izeneko kanalaren bidez. 

Maiatzeko azken ostegun honetako udalbatzarra ere telematikoki egin dute eta Udalaren Youtuberen kanaletik eskaini dute zuzenean. Albiste honi atxikitako bideoan duzue zuzenean eskaini duten emanaldia.

Bizi dugun osasun krisialdiari lotutako erakunde adierazpena onartu dute aho batez. 

Usurbil eta Gipuzkoako gainerako udalen finantziazio iturri nagusietakoa den foru funtsa %20an murriztea erabaki du Foru Aldundiak. Desadostasuna eragin du hainbat udaletan. Usurbilgoan ere bai, eta gaurko udalbatzarra horren erakuslea izan da. Gai honi lotuta, mozio bana aurkeztu dute; EHBilduk batetik, eta EAJ-PSOE-k bestetik. Udal gobernu taldearena onartu da gehiengo osoz. Oposizioarenak ez du behar beste babes jaso.

Matia Fundazioak ere Kalezarreko etorkizuneko adinekoen auzunearen proiektuari %50eko hobaria aplikatzea eskatu du. Eskaera gehiengo osoz onartu dute gaurko udalbatzarrean.

2021eko jai eguna
Horrekin batera, dakizuenez uztailaren 2a izango dugu Usurbilgo jai egun nagusia aurten, nahiz herriko festak ez ditugun ohiko moduan biziko. Hurrengo urtean, herriko jai egun nagusia ere  uztailaren 2a izatea erabaki dute gaurko udalbatzarrean.

Udal artxibategian duten espazio arazoari aurre egitea, jada baliorik ez duten espedienteen suntsiketa prozesu betean da Udala; halako espediente gehiago deuseztea onartu dute udal ordezkariek gaurko osoko bilkuran.

Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako A-81 (Zubietako kaskoa) Eremuko HEU 81.4 Exekuzio Unitateko Xehetasun-Azterketa behin betikoz onartu dute baita gehiengo osoz.

Gai hauei guztiei buruzko xehetasun gehiago egunotan.