Koronabirusa

Euskal presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea 20:00etan Mikel Laboa plazan

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 29a, 13:19

Euskal presoen eskubideen aldeko azken ostiraleko elkarretaratzeak Euskal Herriko plazetara itzuliko dira gaur, covid19-aren ondorioz izan den hiru hilabeteko etenaldiaren ostean. Baita Usurbilera ere. Baina kontuan izan; beharrezko segurtasun neurriekin parte hartu ahalko da iluntzeko 20:00etan Mikel Laboa plazan hasiko den mobilizazioan.

Covid19-ak kaleko bizitza guztiz eten zuenetik Usurbilgo plazan deitu den lehen hitzordua dugu maiatzeko azken ostiral honetakoa, hilaren 29koa. Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak euskal presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea deitu du 20:00etan Mikel Laboa plazan. Euskal Herriko gainerako herrietan ere mobilizatzeko deialdia egin da gaurko.

Aipatu moduan, euskal presoen eskubideen aldeko azken ostiraleko elkarretaratzeak Euskal Herriko plazetara itzuliko dira maiatzaren 29an. Egun bizi dugun osasun krisialdira egokituta noski. “Pandemia egoerak hala behartuta, oraindik ez dira era normalizatuan egingo”, gogorarazi dute Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik.

Hitzordua ohikoa izango da; ostiral honetan (hilak 29) arratsaldeko 20:00etan Mikel Laboa plazan. Mobilizazio honetan parte hartu asmo dutenei ordea, maskarak erabili eta bi metroko segurtasun tartea errespetatzea eskatzen diete deitzaileek. “Denon osasuna lehenesteko arduraz eta zuhurtziaz jokatu behar dugula uste dugu”.

11 urte espetxean
Euskal presoen etxeratzea exijituko da ostiral honetako mobilizazioetan. Usurbilen, modu berezian, espetxealdiaren hiru laurdenak beteak izan eta jada aske behar zuten arren, Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga presoen kaleratzea eskatuko da.

Madrilgo Aranjuezeko espetxean segitzen dute. Urtarrilean bereizi zuten alaba Xuarengandik ehunka kilometrotara dira, Covid19-aren eraginez bisitarik gabe izan dira hilabeteotan. Haurdun den Olatz, erietxera analisi bat egitera eraman eta 14 eguneko berrogeialdian izan dute. Saihestu zitekeen isolamenduan, aspaldi etxean behar baitzuten Patxik eta Olatzek. Ekainean 11 urte beteko dituzte espetxean, egun 2021eko ekainerako dute irteera data. Testuinguru honetan, 41 urte bete zituen Olatzek maiatzaren 24an. Zenbait zorion eta elkartasun mezu helarazi zizkieten bere ama Mari Karmen Anza eta alaba Xuari, bizi diren inguruan. Olatzi eta Patxiri idazteko helbideok dituzue:

Olatz Lasagabaster Anza
Centro Penitenciario Madrid VI 
Módulo F2 Carretera N-400, km. 28 
28.300 Aranjuez (Madrid)

Patxi Uranga Salbide
Centro Penitenciario Madrid VI 
Módulo 1 Carretera N-400, km. 28 
28.300 Aranjuez (Madrid)