Koronabirusa

Zumartekoen hurrengo ikasturtea, eraikin berrian

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 29a, 08:26

Covid19-aren eraginez, konfinamenduaren lehen asteetan eraikuntzaren sektorean izan zen etenaldiak lanen amaiera zertxobait atzeratu dezakeen arren, Zumarte Musika Eskolak 2020-21 ikasturtea eraikin berria estreinatuz hasiko duela aurreikusten du udal gobernu taldeak, osteguneko udalbatzarrean aditzera eman zuenaren arabera.

EAJ-k gai honi buruz eginiko galderari erantzunez, udal gobernu taldetik Lur Etxeberria zinegotziak osteguneko udalbatzar telematikoan adierazi zuenez, Udalak enpresa eraikitzailearekin dituen hartuemanen baitan, "printzipioz irailean bertan (Kale Nagusiko eraikin berrian) klaseak hasteko modua izango dela esan digute".

Lanen amaiera bai, zertxobait atzeratu daitekeela adierazi zuen Etxeberriak. Gogoan izan, covid19-aren eraginez eraikuntza sektorea zenbait asteetan geldirik egon zela konfinamendu hasieran. Tarte horretan galdutako denbora "berreskuratu nahian ari dira baina uztailean zertxobait atzeratuko dira", udal gobernu taldetik zehaztu dutenez. 

Berez, uztailaren 17rako lanak amaitzea adostua du itun baten bidez Udalak enpresa eraikitzailearekin. Lanak atzeratzen diren egun bakoitzeko 10.000 euro ordaindu beharko ditu aipatu enpresak. Covid19-a eragiten ari den atzerapena tarteko ordea, "egoeraren larritasuna ikusita, malgutasunez jokatuko dugu", iragarri zuten udal gobernu taldetik.

Aipatu moduan ordea, lanen amaiera zertxobait atzeratu arren, Zumartek 2020-21 ikasturtea eraikin berrian hasi ahalko duela aurreikusia du Udalak.