%20ko murrizketa foru funtsean

Foru Aldundia eta udalen arteko elkarrizketa mahaia sortzea eskatzen dute EAJ-k eta PSE-k

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 29a, 18:03

Aldundiak udalak finantzatzeko foru funtsean iragarritako %20ko murrizketaren aurrean, Diputazioaren eta Gipuzkoako udalen arteko elkarrizketa mahaia osatzea eskatzen duen mozioa aurkeztu zuten EAJ-k eta PSE-k, ostegunean egin zuten udalbatzar telematikoan. Era berean, alor honi buruzko informazioa sarriago partekatzeko Finantzen Lurralde Kontseilua hiru hilean biltzea eskatzen dute. Ez zuen behar beste babes jaso ordea, EHBilduren udal ordezkariek aurka bozkatu baitzuten. Hemen aipatu oposizioko bi udal taldeek aurkezturiko mozioaren edukia bere osotasunean.

EAJ-PSE MOZIOA
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIAK ETA GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO UDALERRIEK ELKARRIZKETA-MAHAI BAT SORTZEAREN ALDEKO MOZIOA.

Arrazoien azalpena
Maiatzaren 14an EUDELen Batzorde Eragilean proposamen bat eginzen, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta lurralde historikoko udalerriek elkarrizketa-mahai bat edo erakunde arteko mahai bat eratu eta antolatzeari buruz.

COVID-19aren pandemiaren ondorioz bizitzen ari garen ezohiko egoera zuzenean eragiten ari da euskal ogasunen diru-sarreretan, Euskadiko enpresen eta familien ekonomian izan duen inpaktuagatik.

Alarma-egoeran erabakitako ekintzek zerga-sarreretan ondorioak izan dituzte, eta erakunde guztiak ari dira ondorio horiek jasaten, baita euskal udalerriak ere, izan ere, zerga itunduen partaidetzan sarrerak murrizteaz gain, zerga-ordenantzetatik eratorritako sarrerak ere murriztuko zaizkie; osasun-krisia krisi ekonomiko bilakatu baita.

2020ko maiatzaren 12an Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak 3/2000 Foru Dekretu Araua onartu zuen, Udalak Finantzatzeko Foru Funtsagatik 2020an egin beharreko kontura koordainketak aldatzen dituena eta toki erakundeentzako aurrekontuetan zerga arloko hainbat neurri ezartzen dituena; toki erakundeek erabaki- tarte handiagoa izan dezaten, kreditu gehigarriak onartzeko, eta baita tasetan hobariak ezartzeko ere, Covid19ak eragindako egoera dela-eta.

Maiatzaren 15ean Gipuzkoako Finantzen Lurralde Kontseiluak aztertu zuen 3/2000 Foru Dekretu Arau horrek zer ondorio izan dezakeen udalfinantzetan, Gipuzkoako Udalen Finantzaketarako Foru Funtsaren bidez.

Gaur inoiz baino beharrezkoagoa da erakundeen arteko elkarrizketa, pandemia honi eman behar zaion erantzuna elkarlanean eta eraginkortasunez aztertzeko. Horregatik, EUDELen Batzorde Eragilean landutakoa helarazten da, eta honako akordio hauek hartzea proposatzen da:

MOZIOA
1. Gipuzkoan elkarrizketarako erakunde-mahai bat sortzeko eskatzea, Foru Aldundiaren eta EUDELeko Gipuzkoako Lurralde Batzordearen artean; lurraldeko erakunde guztietatik krisiari erantzuteko ekimen eta planen koordinazioa bultzatzeko, eta lankidetza eraginkor bat garatzeko, hiritarrentzat erakunde arteko gobernantza hobea lortzearren.

2. 3/2000 Foru Dekretu Arauan Finantzen Lurralde Kontseilua aipatzen da, azaroko konturako ordainketari buruz hitz egitean. Hala ere, kontuan izanik, batetik, krisiaren intentsitatea, eta, bestetik, euskal erakunde maila guztien arteko finantza-harremanak arautzen dituen arrisku partekatuaren printzipioa; inoiz baino beharrezkoagoa da egoera ekonomikoari, diru-bilketa aurreikuspenei eta udalen egoerari buruzko informazioa maiztasun handiagoz partekatzea. Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen diogu hiru hilean behin dei dezala Finantzen Lurralde Kontseilua.