Koronabirusa

Eztabaida udal taldeen artean, foru funtsaren %20ko murrizketaren harira

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 29a, 18:25

Udalen finantziazio iturria nagusietakoa den foru funtsari %20ko murrizketa aplikatzea erabaki zuen duela aste gutxi Gipuzkoako Foru Aldundiak. Gai honen harira mozio bana aurkeztu zuten osteguneko udalbatzarrean EHBilduk eta EAJ-PSE-k. Mozio hauen harira eztabaida piztu zen, telematikoki egin zuten udalbatzarrean.

Foru Aldundiak aldebakarrez hartutako erabakiaren aurka agertu zen EHBildu. "Gipuzkoako Foru Aldundiak udalekiko izan duen jarrera erabat gaitzesten dugu", adierazi zuen udal gobernu taldetik alkateorde Beñat Larrañagak, gai honi lotuta EAJ-PSEk aurkezturiko mozioaren aurka bozkatuko zuela iragartzearekin batera.

Aldundiaren foru funtsetik udalerri honi 4,4 milioi euro pasatxo zegozkiola, eskubide hori aitortua zegoela eta "legez dagokigula diru hori jasotzea", gaineratu zuen. Aldiz, "Gipuzkoako udaloi %20ko murrizketa ezarri zaigu, inolako datu fidagarririk gabe", presaka hartutako erabakia izan dela, justifikazio gabea, eta martxoaren 31ra arteko zerga bilketa aintzakotzat hartuta. Udal gobernu taldeak ez du ulertzen, nolatan Foru Aldundiak ez duen itxaron "datu fidagarriagoak izan arte". Are gehiago jakinik, "Bizkaian eta Araban beste malgutasun bat erakusten ari direnean". 

Beñat Larrañaga alkateordearen esanetan, hainbat adituk arabera, "zerga bilketaren murrizketa ez da %20koa izan, %10-12 bueltakoa baizik".

Edozein kasutan, %20ko murrizketak udalerri honek diru ekarpen txikiagoa jasotzea eragingo du urte honetan, 900.000 euro gutxiago hain zuzen, udal gobernu taldearen esanetan. "Beharrik gehien dugun unean finantziazioa zuzenean eraso digute", Larrañagak adierazi zuenez. 

EAJ: "Honi guztiari aurre egiteko gai izango garela iruditzen zait"
Jeltzaleen bozeramaile Josune Urkolak Foru Aldundiak iragarritako foru funtsaren murrizketa defendatu zuen. "Foru Aldundiaren eginbeharra da dirua biltzea eta diru bilketa horretatik partida bat udalei banatzea. Eta hor berak aurreikuspen batzuk egiten ditu, urtean zehar lau zatitan ordaintzen zaiena udalei. Gero urtarrilean likidazioa egiterakoan, urte batzuetan diru gehiago bildu bada diru gehiago ematen zaie udalei eta alderantziz bada, dirua bueltatu egin behar izaten dute".

Egungo egoera duela hamarkada bateko krisialdi ekonomikoarekin alderatu zuen Urkolak. "2011. urtean krisi sakon sakon batean izan eta udalen egoera gaur egun baino dezente okerragoa zenean diru mordo bat bueltatu behar izan zen", oroitarazi zuen.

Udalak duen egoera finantzarioa nahiko osasuntsua zela gogorarazita, "honi guztiari aurre egiteko gai izango garela iruditzen zait", adierazi zuen EAJ-ren ordezkariak. 

Aurreko krisialdiarekin alderaketa
EAJ-ren adierazpenen aurrean, udal gobernu taldetik ulergarritzat jotzen zuten bizi dugun egoerak diru iturrietan eragitea, "denok jasango dugu krisi honen eragina", Larrañagaren esanetan. Baina onartezintzat jotzen dute "inolako datu fidagarririk gabe", %20ko murrizketa aplikatzea foru funtsari, zerga bilketaren murrizketa %11-12 bueltan dabilenean. "Dirua orain behar dugu aurreikusitako hainbat gastuei eta sortu diren gastu berriei aurre egiteko", zioten udal gobernu taldetik. Horregatik zioten, ia zergatik ez den aurreikusitako diru kopurua jasotzen orain, eta 2021eko otsailean beharrezko egokitzapenak egin.

EAJ-k 2011ko krisialdiarekin eginiko alderaketaren aurrean ziotenez, garai hartan "dirua faseka itzultzeko aukera eman zen". Eta oraingoan ez, udal gobernu taldearen esanetan.

Hitz hauen aurrean, EAJtik Josune Urkolak galdetzen zuen ia "zertarako behar dugun diru hori", Udalaren egoera finantzarioa ona baldin bada. "Ezin dugu gastatu jasotzen dugun heinean, badakigulako diru horren %20a itzuli beharko dugula". 

Udal gobernu taldetik erantzun zioten esanez, diru hori jaso behar zuela udalerri honek, "aitortua dagoelako eta usurbildarrena delako". Alkateordeak gogorarazi zuenez, "eskubide hori aldebakarrez kendu digute, estimazio zehatz bat egin gabe". Udal honek duen egoera finantzario ona baliatu daiteke egoera honi aurre egiteko, baina "bere prozedurak eta mugak ditu", udal gobernu taldetik gogorarazi zutenez.

"Orain egin dena salbuespenezko egoera bat da"
Udalbatzarrean parte hartu zuen baita Xabier Olako udal kontuhartzaileak. Gai honi buruzko zenbait argibide eskaini zituen. Batetik udal ordezkariek esandakoa berretsi zuen; alegia, "Usurbilgo Udalaren egoera ekonomiko eta finantzarioa nahiko ona dela". 

Baita, 2011. urtean soilik ez, 2010ean eta 2009an ere Udalek foru funtsetik jasotako diru kopuruaren zati bat itzuli behar izan zutela, "baina kasu guztietan urtea bukatu eta gero, otsaileko likidazioa egindakoan eta foru arauak ezarritako epeetan". Itzulketa hori gainera urteetan atzeratu zitekeen. Beraz, udal teknikariaren esanetan, "orain egin dena salbuespenezko egoera bat da. Inondik inora foru arauan aurreikusi gabeko egoera da, presaz eginda eta datuetan ere behar adina oinarritu gabe". 

EAJ-tik ukatu zuen Urkiolak herritarrek diru hori behar ez zutenik. Baina udalek dirua itzuli behar izan zuten urteetan udalen egoera askoz okerragoa zen, "eta atera ginen ezta? Orain berdin", zioten EAJ-tik. Irakurketa partziala egitea egotzi zion udal gobernu taldeari. "Eskerrak Udalaren egoera osasuntsua den, bestela hemendik ez ginateke aterako". 

Bizi dugun krisialdi egoera honetan aurrera egiteko bidea; duela bi aste, udal taldeek modu bateratuan eskaini zuten elkarlanaren eta adostasunaren irudia izan zela nabarmendu zuen EHBilduk.