Koronabirusa

Kiroldegiko gimnasioa eta igerilekua irekitzera doa Udala, erabilera arauak finkatu ditu

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 2a, 12:06

Oiardo Kiroldegia ere "deseskalatze" prozesu betean murgiltzera doa. Ekainaren 8an gimnasioa zabalduko du Usurbilgo Udalak, hilaren 15ean igerilekua. Baina adi, guneok ezingo dira ohiko moduan erabili. Bizi dugun osasun krisialdia dela eta, segurtasun neurri zorrotzetan oinarrituriko erabilera araudia finkatu du Udalak kirol instalakuntza hauetarako. 

Usurbilgo “deseskalatze” prozesuan urrats berriak emango dira hurrengo asteotan; besteak beste, Oiardo Kiroldegiaren irekiera mailakatua iragarri du Usurbilgo Udalak. Gimnasioa zabalduko dute hilaren 8an, igerilekua hilaren 15ean.

Hartuko dituzten segurtasun neurriei dagokienean, desinfekzio protokolo bat landu dute; egunero lau aldiz desinfektatuko dute langileek Kiroldegia. Erabiltzaileei ere laguntza eskatzen diete; norberak erabilitako espazioa desinfektatzea. Horrekin batera, bai gimnasioa eta igerilekua era mugatuan baliatu ahalko da. Horretarako zenbait baldintza ezartzea erabaki dute. Hortik aurrera, “astez asteko balorazioa egingo dute”, iragarri du Udalak.

Diru itzulketa
Gogoan izan, Kiroldegia ia hiru hilabetez itxia egon da. Udalak aurrez iragarri izan duen moduan, erabiltzen ez den udal zerbitzuengatik ez du kobratuko. Ondorioz, “datozen asteetan hasiko dira zerbitzua etenda egon den epeari dagokion diru kopurua itzultzen (martxoak 14-ekainak 15 tartea erreferentziatzat hartuta)”. Ikastaro eta abonuei dagokienean, kiroldegia itxita egon den denbora tartearen aldiarekiko proportzioa itzuliko da. Udalak prozesu konplexu samarra izango dela aurreikusi arren, “ahalik eta epe laburrenean egin nahi dituzte diru itzulketak”.

OIARDO KIROLDEGIAREN "DESESKALATZEA"
Kiroldegiaren ordutegia
-Astelehenetik ostiralera: 7:00-12:30 /14:30-22:00.
-Larunbatetan: 8:00-13:30/15:30-21:00 (larunbatetan ordubete lehenago ireki eta eguerdian itxiko dute garbiketa lana egiteko).
-Igandeetan: 09:00-13:00.

Baldintza orokorrak
-Txanda batzuk 65 urtetik gorako herritarrentzat, haurdun egon edo arrisku taldeetako kideentzat gordeko dira.
-Abuztuan ez da itxiko Kiroldegia.
-Udako hilabeteetarako gazte zein helduentzako ikastaro eskaintza handitzea aztertzen ari dira.
-Kiroldegirako txanda aurrez eskatu beharko da 943 37 24 98 telefono zenbakian.
-Txandak gehienez ordubetekoak izango dira. Tarte horretan, sartu, erabili eta atera beharko da.
-Txanda bakoitzean ilara egin beharko da Kiroldegian eta Kiroldegiko langileek adierazitakoan sartu.
-Ostegunetan eskatu ahalko dira hurrengo asterako txandak.

Gimnasioa
-Irekiera: ekainak 8.
-Gehienez orduko 35 erabiltzaile. Gimnasioko gelan eta eskubaloiko pistan jarriko dituzte makinak.
-Eguneko txanda bat eskatu ahalko da.
-Ezingo dira aldagelak erabili: kirol jarduera egiteko arropa jantzita joan beharko dira erabiltzaileak eta nork bere toaila eraman beharko du (eramaten ez dutenek, ezingo dute sartu).
-Gehienez 45 minutuz baliatu ahalko da gimnasioa. Gero, erabilitako makina desinfektatu eta arrapalatik irten beharko da.

Igerilekua
-Irekiera: ekainak 15.
-Aldagelak erabili ahalko dira.
-Igerileku handiko txandak: kale bakoitzeko igerilari bat. Igerian egiteko 45 minutu eta dutxatzeko gehienez 15 minutu.
-Igerileku txikiko txandak: bitan banatuko da igerilekua, zati bakoitzean erabiltzaile bat; familiek eta kolektibo berezientzat soilik (igerian ikasten ari direnak adibidez); ordu eta laurdeneko txandak (45 minutu erabiltzeko, 30 minutu aldatzeko, tartean ume txikiek denbora gehiago izan dezaten); aldagela mistoko komun egokituetan dutxatu beharko dute, baliabideak egokituko dituzte familiak erosoago aldatzeko; aldagelak erabili ostean, espazioa desinfektatu beharko dute.
-Erreserbak: igerileku handian astean gehienez hiru aldiz; igerileku txikian, astean gehienez bi aldiz.