Koronabirusa

Aitzaga Elkartea, momentuz itxita

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 5a, 10:55

Terrazak irekitzen doazen honetan, 2. fasean elkarte gastronomikoak ere baliatzeko aukera dago. Aitzaga Elkarteak Usurbilgo Ernai eta Sorturekin batera ohartarazia duenez aldiz, “zaila egiten zaigu ordea, funtzionamendu berri hau martxan nola jarri erabakitzea”. Horregatik momentuz, elkartea itxita mantentzea erabaki dute. “Elkartea zein lokalak nola erabili protokolo bat prestatu eta martxan jarri bitartean, eta Sorturen gomendioak jarraituz, Aitzaga elkartea zein lokalen erabilpena oraindik itxita mantentzea iruditu zaigu egokiena”.

Lerrootan duzue Usurbilgo Sortuk eta Ernaik asteotan zabaldu dituen kartelek jasotakoa. Gogoan izan, konfinamendu garai betean ginela, apirilaren 22an, Espainiako Auzitegi Nazionala herriko taberna eta elkarteen aurkako epaia exekutatzen hasi zela; kontu korronteak enbargatu zituela. Tartean Aitzagakoa, nahiz gerora dirua itzuli zitzaion. 

Bitartean, Aitzagaren memoria osatzeko gonbita luzatu zuten elkarteko kideek. Oroitzapen eta eginiko ekimenak partekatzeko gonbita luzatua dute; irudiak, bideoak, marrazkiak, audioak… “ongi etorriak izango dira!”. Eduki hau guztia usurbilsortu@gmail.com helbidera helaraztera eskatzen dute. 

AITZAGA ELKARTEAREN OHARRA
Kaixo lagun, 
Komunikabide askoren bidez informatuko zinen moduan, maiatzaren 25etik aurrera, Gipuzkoa alarma egoera arintzeko bigarren fasean sartuko da. Legearen arabera, badirudi elkarte gastronomikoak erabiltzen hasteko aukera dagoela. Zaila egiten zaigu ordea, funtzionamendu berri hau martxan nola jarri erabakitzea. Elkartea zein lokalak nola erabili protokolo bat prestatu eta martxan jarri bitartean, eta Sorturen gomendioak jarraituz, Aitzaga elkartea zein lokalen erabilpena oraindik itxita mantentzea iruditu zaigu egokiena.

Persona kolektibotik zaintzen delako eta alderantziz, pertsonaletik norbera zainduz, kolektiboa zaintzen dugulako, ederra litzateke egoera hau gutako bakoitza barrura begirako ariketa integrala egiteko aukera gisa ulertuko bagenu. Bestalde, badago lanketa kolektiboa, antolakunde gisa egin dezakeguna eta ezinbestean, egin egin behar duguna. Argi dagoena da, gure buren, gure kidegoaren zaintza, geuri dagokigula. Jakinda, egoera ezegonkorra dela oso, eta egoera aldatu ahala, berrikusi eta doitu egin beharko ditugula zertzeladak. 

Espero dugu zu eta zure ingurukoak ondo izatea. Hartu besarkada handi bat.

Sortu eta Ernai, Usurbilgo Ezker Abertzalea