Koronabirusa

Posta bidezko bozka online eskatzeko aukera gaurtik

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 8a, 10:23

Uztailaren 12rako Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan deituak dauden EAE-ko Legebiltzarra berritzeko hauteskundeetarako posta bidezko bozka eskatzeko epeak zabalik segitzen du. Baina badira kontuan hartu beharreko bi aldaketa; batetik, posta bidez bozkatzeko epea luzatzea erabaki dute. Bestetik, Correoseko bulego ordutegia zabaltzearekin batera, gaurtik aipatu eskaera "online" egin dezakezue.

Osasun krisialdiaren testuinguruan ospatuko dira uztailaren 12ko EAE-ko Legebiltzarra berritzeko hauteskundeak. Dakizuenez maiatzaren 19az geroztik posta bidezko bozka eskatzeko epea zabalik duzue. Ohi bezala Correoseko bulegoan bideratu dezakezue eskabidea. 

Baina adi, osasun krisialdia tarteko, Correoseko langileen eta herritarren osasuna babeste aldera, batetik modalitate honetan bozka ematea bultzatu nahi dute. Tramitaziorako hainbat erraztasun martxan jartzen ari da Correos. Azkena astelehen honetan bertan abiarazi du; bulegora joan beharrik izan gabe, posta bidez bozkatu ahal izatea telematikoki eskatzea. Egin beharrekoa honakoa da; correos.eus atarian klikatu. 

NAN elektronikoa beharko duzu edo baliozko ziurtagiri digital bat. "Zure ordenagailuan AutoFirma instalatua izan beharko duzu", ohartarazi du Correosek. 3 urratsetan bideratu daiteke eskabidea: eskatzen diren datuak bete, modu elektronikoan sinatu eta eskabidea jaitsi. "Hautesle Erroldaren Bulegoak botoa postaz emateko eskubidea onartzen badizu, posta bidezko botoa emateko dokumentazioa helaraziko dizu eskaeran adierazi duzun helbidera".

Dokumentazioa beteta, Correoseko bulegora joan beharrik izan gabe, modalitate honetako bozka postariari emateko aukera izango da gainera. Bestela, Correoseko bulegora joan beharko da, uztailaren 10eko arratsaldeko 14:00ak baino lehen.

Bulegoak ordutegi zabalagoa
Gogoan izan, posta bidezko bozka ohiko bidetik eskatu nahi baduzue, joan den astetik eta uztailaren 12ra arte gutxienez, ohi baino ordutegi zabalagoan aurkituko duzue irekita Correoseko bulegoa:
-Astelehenetik ostiralera: 8:30-14:30.
-Larunbatetan: 9:30-13:00.
-Astearte eta ostegunetan: 18:00-20:00.

Posta bidez bozkatzeko epea ere luzatzea erabaki dute; uztailaren 10eko arratsaldeko 14:00ak arte. 

HAUTESKUNDEEI BEGIRAKO EGUTEGIA
-Maiatzak 19: hauteskundeen deialdi ofiziala.
-Maiatzak 19-uztailak 2: posta bidez bozkatzea eskatzeko aukera Correoseko bulegoan (atzerrian modu iraunkorrean bizi direnek ekainaren 13ra arte).
-Ekainak 1: hautagaien baieztapen ofiziala.
-Ekainak 13-17: bozketarako mahaiak osatuko dituzten lehendakari, bokal eta ordezkoak hautatzeko Udaletako zozketak.
-Ekainak 14-20: bozketa mahaietarako hautaturiko herritarrei jakinarazpenak.
-Ekainak 22-uztailak 10 (14:00): posta bidez bozkatzeko aukera.
-Ekainak 26-uztailak 10: hauteskunde kanpaina.
-Uztailak 11: hausnarketa eguna.
-Uztailak 12: hauteskunde eguna.
-Abuztuaren 1a baino lehen: hautetsien izendapena.