NOAUA! K.E.-k eta Udalak 4 urterako lankidetza hitzarmena berritu dute

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 12a, 14:48

Proiektua sortu zenetik eten ez den lankidetza hitzarmena berritu dute beste lau urterako Usurbilgo Udalak eta NOAUA! Kultur Elkarteak. Gaur izenpetu dute bi aldeek hitzarmen berria, Potxoenean egin duten ekitaldian.

Apirileko udalbatzarrean udal ordezkariek aho batez onarturikoa izenpetu da ostiral honetan; NOAUA! Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak beste lau urterako berritu dute lankidetza hitzarmena. Horri esker, diruz lagunduko du Udalak kultur elkartea eta hedabidea bera; 56.000 euroko diru ekarpena egingo dio 2020an, 58.000 eurokoa urtero 2021-23 urte artean. Horrekin batera, kultur elkarteak Bordaberri 3 behean duen egoitza beste lau urtez utziko dio.

Aipatu moduan xehetasunok biltzen ditu ostiral eguerdi honetan bertan bi aldeek Potxoenean sinatu duten lankidetza hitzarmenak. Usurbilgo Udalaren izenean alkate Agurtzane Solaberrietak eta NOAUA! Kultur Elkarteko lehendakari Idoia Torregaraik izenpetu dute datozen lau urteotarako hitzarmena.

Agurtzane Solaberrieta: "Herri bizitzaren ispilua da NOAUA!"
"Edozein testuingurutan beharrezkoa den hitzarmena sinatuko badugu ere, esango nuke oraingo testuinguru sozioekonomiko zail honetan are beharrezkoagoa dela izaera honetako hitzarmenak sinatzea", adierazi du alkateak. Covid19-ak arlo guztietan eragindako krisi sakonak, gogorarazten zuenez, "asko kolpatu ditu" baita besteak beste, tokiko komunikabideak.

Euskarazko tokiko komunikabideak eta kultur elkarteak zaindu beharreko egitasmotzat jo ditu alkateak. Informazioaren mundua "handiek eta handikiek" bereganatu nahi duten garai honek argi uzten du bere ustez, beste eremu askotan bezala, honetan ere "kilometro zero"aren garrantzia; "txikien ekarria eta freskotasuna" zer beharrezkoa den.

Txikitasunetik garai berrietara egokitu eta komunikazio bitarteko berriak baliatzeko tokiko komunikabideak "izugarrizko gaitasuna" erakusten ari direla adierazi du. Besteak beste bere esanetan, "tartean NOAUA!. Zortekoak gara usurbildarrok NOAUA! bezalako aldizkari, webgune eta elkarte bat izateagatik. Herri bizitzaren ispilua da NOAUA! eta aldi berean herriari bizitasuna ematen dion elkartea da".

Onena opa izatearekin batera eskerrik zintzoena helarazi dio alkateak NOAUA!ko lan taldeari , "egunero egunero herrian gertatzen den guztiaren berri hain modu eraginkor eta profesionalean usurbildarrei eskaintzeagatik eta euskararen eta kulturaren alorrean zuen ekarpena egiteagatik".

Hurbilekoa zaio NOAUA! K.E. Solaberrietari. "NOAUA!n egin nituen kazetari bezala nire lehen urratsak, eta herrigintzari lotu nintzaion orduan. Nire etxea izan zen eta neure sentitzen dut oraindik ere". Gaurko lankidetza hitzarmenak indarrean "urte askoan jarrai dezala" desiratu du.

Idoia Torregarai: "Hauspoa, arnasa emango digu"
Pozarren agertu da lankidetza hitzarmen hau sinatzerakoan, NOAUA! Kultur Elkarteko lehendakari Idoia Torregarai. Ez da bi aldeon arteko elkarlanaren abiapuntua. Torregaraik nabarmendu nahi izan duen moduan, "proiektuaren hasieratik izan da Usurbilgo Udalaren eta NOAUA! K.E.-ren arteko elkarlana eta hori ez da askotan ikusten".

Are gehiago, covid19-ak baldintzaturiko bizimodu ezberdin honetan. Une zailak bizi arren, "NOAUA!-k eta tokiko komunikabideek izugarrizko eginbeharra izan dute eta egunero egunero gertutik informatzen jarraitu dute", eta "inoiz baino ikustaldi eta bisitari gehiago izan ditugu webgunean eta sare sozialetan".

Horregatik zioen, "ezin dugu esker oneko gehiago izan, krisi egoeretan ikusten da lehentasunak non jartzen diren. Beharbada gure gizartea orokorrean beste puntu batzuei ari zaio garrantzia ematen, baina Usurbilgo Udala kulturari eta gertuko komunikabideei ere ematen ari zaie, NOAUA! K.E.-ri kasu honetan". Horregatik zioen, "zorionekoak gara bai usurbildarrak, NOAUA! K.E. osatzen dugun guztiok". 

Gaur sinaturiko lau urterako lankidetza hitzarmenak Torregarairen esanetan, "hauspoa, arnasa emango digu gure eguneroko lana profesionaltasunez, gertutasunez eta ilusioz betetzen jarraitzeko". Lankidetza honek etorkizunean jarraipena izateko desioa agertu du.