Merkataritza hizpide

Lizardi: “Lehen baino liburu gehiago saldu dira”

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 17a, 08:46

Martxoaren 21ean itxi behar izan zuten Lizardi liburudenda. Maiatzaren erdialdean ireki zuten berriro. Lehen asteetan "liburuak eta denborapasak asko saldu ditugu", adierazi digute Etxebeste kaleko dendan.

NOAUA! Pandemiaren ondorioz, denda itxita eduki duzue bi hilabetez. Nolakoa izan da itzulera?

Lizardi liburudenda: Bezero batzuk, betikoak, gure zain zeuden. Hori pozgarria izan da guretzat. Bestetik, ireki genuen momentuan, udal liburutegia itxita zegoen oraindik. Eta umeak etxean zeuden. Liburuak eta denborapasak asko saldu ditugu asteotan.

 

Beldurrez dabil jendea ala jada lasaitu al dira gauzak?

Maiatzeko lehen asteetan nabaritu zen jendea ezin zela kanpora atera. Eta hori guretzat ona izan zen. Dena den, guk asko eskertu dugu betiko bezeroak guregana bueltatu izana. Hori eskertu dugu asko.

BONUEN SALMENTA

“Garrantzitsuena da jendeak herrian bertan kontsumitzea”

Ordutegi berberarekin ari al zarete?

Oraindik ordutegi murriztuarekin ari gara lanean. Goizean 10:00etan ireki eta arratsaldeko 19:00ak arte daukagu zabalik. Baina laster ordutegi normala berreskuratuko dugu.

 

Erosteko joerari dagokionez, asko aldatu al dira gauzak?

Liburuak lehen baino gehiago saldu ditugu. Umeentzat zein helduentzat. Margoak, puzzleak, jostailuak...  Horiek ere ondo saldu dira.

 

Bonu-sistema jarri berri da martxan. Nola joan zaizue lehen egun hauetan?

Jendea segituan mugitu da. Batzuk oraindik ez dira etorri erositako bonuak gastatzera. Baina abendura arte dute horretarako denbora.

 

Beraz, kontsumoa sustatzeko ekimen baliogarria da.

Ona da, bai. Kultura Bonua edukitzen dugu eta horrek ere ondo funtzionatzen du. Lehen ekainean izaten zen eta aurten uztailean edo izango dela dirudi. Guk eman dugu izena. Baina eskaintza hori liburuentzat bakarrik da.

Udalak bultzatu duen beste bonu honekin berriz, denetatik erosi daiteke. Jostailuak edo puzzleak ere bai. Herrian erosteko ohitura hartzeko balio du gainera. Garrantzitsuena hori baita, jendeak herrian bertan kontsumitzea. Beraz, eskertzekoa da Udalaren ekimena.