Merkataritza hizpide

Txirinbolo: “Jendea mugitzen ez bada, nire lana ez da mugitzen”

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 17a, 09:03

Denda izateaz gain, tailerra ere bada Txirinbolo. Jendaurreko zerbitzua eten egin behar izan du bolada batean baina ateak zabalik ditu berriro. Gauzak lasaiegi daude bere arloan. "Uda pasako da hainbestean eta espero dugu gabonetarako buelta ematea", adierazi digu Txirinbolo dendako arduradunak.

NOAUA! Nola moldatu zarete konfinamendu garaian?

Txirinbolo: Denda itxi behar izan nuen baina lanean aritu nintekeen barruan. Gero guztiz itxi behar izan nuen. Handik aste batzuetara berriro itzultzeko aukera izan nuen, baina nire lanak egitera, ezin nuen denda zabaldu.

 

Jendaurreko saltokia izateaz gain, hau zure tailerra ere bada.

Berez tailerra da eta tailer bezala lan egin nezakeen baina dendan ezin nuen atenditu. Zerbait nahi zuenak hots egiten zidan eta nik hemen prestatzen nuen.

 

TXIRINBOLO

“Jaiak bertan behera utzi dituzte. Nire ofizioarentzat garai zaila da”

 

Eta denda zabaldu zenetik ondo joan al zaizu?

Lasai dago dena. Nik enkarguz egiten dut lan. Umeek buruhandiak eskatzeko, ikusi egin behar dituzte. Baina jaiak bertan behera utzi dituzte. Nire ofizioarentzat garai zaila da.

 

Hauxe garai lanpetua izan ohi zen lehen, ezta?

Nik normalean lan handia izaten dut Inauteriak arte. Gero hilabetez nahikoa lasai  egoten naiz eta herriko jaiak hasten direnean berriro hasten zaizkit eskaerak iristen. Aurten ez daude jaiak, ez daude buruhandiak, ez daude erraldoiak, umeak etxean daude... Uda pasako da hainbestean eta espero dugu gabonetarako buelta ematea. Nik Estatu mailan egiten dut lan. Internet bidez asko saltzen dut kanpoan. Baina jendea mugitzen ez bada,  nire lana ez da mugitzen.

 

Bonu-sisteman ez duzu parte hartu nahi izan. Hala ere, zer iritzi duzu?

Uste dut aukera ona dela. Jendeari diru aurrezpen hori egitea komeni zaio. Pentsatzen hasita, etxean geratu diren asko ERTEan daude edo soldatak murriztu dizkiete. Beraz, bonuarena lagungarri egin zaiela iruditzen zait. Dena den, eskaintza hauek ez lukete momentu espezifikoetan bakarrik funtzionatu behar, denboran mantendu beharko lirateke.