Merkataritza hizpide

Juantxo: “Ez nuen horrelako harrera espero”

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 17a, 09:04

Beldurrez zen Juantxo burdindegiko nagusia. Hainbeste denbora itxita egon eta gero, jendeak oso ondo erantzun du ordea. Bonuekin ere hurbildu zaizkio hainbat bezero. “Eskertzekoa da Udalak egin duen ahalegina”, aitortu digute burdindegian.

NOAUA! Bi hilabetez itxita eduki duzu denda. Nolakoa izan da itzulera?

Juantxo burdindegia: Oso ona izan da. Horrelako harrera ez nuen espero. Eromena izan da.

 

Lehen baino lan gehiago izan duzu asteotan?

Bai. Nire estatistikek diotenez, bikoiztu egin da lana. Egoera (ekonomikoa) gogorra iruditzen zitzaidan eta, hala ere, harrera oso ona izan da.

 

JUANTXO

“Ireki nuenean, bikoiztu egin zitzaidan lana. Oso harrera ona egin didate”

Bezeroak denda noiz irekiko zain zeuden.

Bai, hala izan da. Harrituta nago. Burdindegi guztietan antzeko fenomenoa eman dela esan didate.

 

Bi hilabetez geldi egon eta gero, zaila izan al da berriro martxan jartzea?

Ez zait zaila egin. Kontuak nahikoa zuzenduta nituen. Bakarrik nago lanean eta ez dut zorrarik. Ez dut gaizki pasa.

 

Bueltan zer topatuko, beldur hori ba al zenuen?

Bai, eta oporretatik ere berdin-berdin itzultzen gara.  Beldur hori beti duzu: bi hilabete ni gabe pasa badute,  beste toki baterako bidea ikasi badute... Baina oso gustura nago. Eskerrak eman beharrean nago.

 

Lanpetuta hasi zinen orduan. Orain lasaiago al daude gauzak?

Azken astea normalagoa izan da. Dena den, erosteko beste portaera batekin ikusten dut jendea. Uste dut gehiago baloratzen duela herriko eskaintza.

 

Ireki duzunetik hona, zer da gehien saldu duzuna?

Hiru arlo aipatuko nituzke. Bat, aberiak. Askori puskatu zaizkie dutxako flexoak. Argiarekin lotuta ere, eskaera asko izan ditut. Eta pinturan mugimendua egon da. Hiru arlo horietan eman dira salmenta handienak. Sukalderako eta bereziki gozogintzarako tresnak ere, asko saldu ditut. 

 

Bonuak ondo ari dira saltzen. Zuk ere igarri al duzu?

Ez nuen uste gure moduko denda batean funtzionatuko zuenik baina jendea ari da bonuekin erosten. Eskertzekoa da Udalak egin duen ahalegina.