1936ko Gerrak Usurbilen utzitako arrastoa aztertuko dute

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 18a, 17:46

1936ko Gerra Usurbilen nola bizi izan zen, zer nolako arrastoa utzi zuen aztertzeko hiru urterako hitzarmena sinatu du Usurbilgo Udalak egitasmo honen sustatzaileekin. Orduko memoria bildu nahi da herritarren laguntzaz. Bost faseetan garatuko dute, 2022. urteko udazkenera arte luzatuko da.

1936ko Gerrak Usurbilen izandako eraginaz dauden hutsuneak osatu eta orduko memoria eraikitzeko proiektuaren berri eman du gaur Usurbilgo Udalak, egitasmoa udaletxean aurkeztu zuten sustatzaileekin; Ionma herritarrarekin, Aitzol Arroyo historialariarekin eta Aitor Azurki kazetariarekin. 

Guztiek egitasmo hau garatzeko hiru urterako hitzarmena sinatu dute. 1936an faxistak Usurbilen sartutakoan zer gertatu zen aztertu nahi da. "Nortzuek egin zieten aurre? Zeintzuek jo zuten erbestera? Zein izan zen emakumearen rola gerran? Non gaude garai hartako lubakiak?". Galdera hauei eta beste batzuei erantzun nahi diete. 

Usurbildarren laguntzaz garai hartan bizitakoaren memoria osatu nahi dute. "Gipuzkoako kanpaina" erraza gauzatu zela nabarmendu izan den arren, "herritarrek erresistentzia eta duintasun handia erakutsi zuten", inguruotan izandako borroka leku latzetan. Hutsune hauei egin nahi diete aurre. Horretarako etxeetan jasotako historia bildu nahi dute; usurbildarren lekukotzak.

4 fasetan
Proiektua lau faseetan garatu asmo dute:
1-Ikerketa lana: Euskal Herriko eta Espainiako artxibategi publiko eta pribatuetako informazio iturrien lanketa. Faxismoari aurre egin zioten usurbildarren izen-abizenak berreskuratu nahi dituzte; errepresaliatuak, erbestera joandakoak.... 
2-Parte-hartze prozesua: Memoriaren bulegoaren irekiera, dokumentu, argazki eta lekukotzak biltzeko. Gudalekuak berreskuratzea: "Usurbilgo Frontea" gunea txukundu eta ezagutaraztea.
3-Memoriaren bulegoan bildutako materialaren erakusketa. Inaugurazioaren balizko data: 2021eko irailaren 19a, tropa faxistak Usurbilen sartu zireneko 85. urteurrenean. 
4-Bildutako informazio guztiarekin liburu, dokumental edo webgune bat plazaratzea.

Sustatzaileak
Usurbilgo Udalari proiektu proposamena aurkeztu dion lan taldea aipatu moduan, Ionma herritarrak, Aitzol Arroyo historialariak eta Aitor Azurki kazetariak osatzen dute. Ionma "azken hiru urteak Euskal Herriko hainbat frontetako aztarnen ikertzaile ez profesional gisa aritu da, memoria historikoa berreskuratzen lan egiten duten elkarteekin batera".

Arroyok memoria historikoari buruzko hainbat lanketa gauzatu ditu; Irungo Memoria Historiko teknikaria izan da, Jesus Carrera Olaskoaga komunista hondarribiarraren desobiratzea ahalbideturiko ikerketa gauzatu du; hainbat indusketa arkeologikoetan aritu da...

Azurkik giza eskubideen eta memoria historikoaren arloan ibilbide luzea jorratu du; "Maizales bajo la lluvia" (2011) azken gudari eta milizianoen gerrako testigantzak (tartean, Manuel Goenaga usurbildarrarena) jaso zituen liburua argitaratu zuen , hainbat erbesteratu eta preso elkarrizketatu izan ditu.

Azurki eta Arroyo elkarlanean arituak dira lehendik. 2019-2020 urteetan, "Erresistentzia eta duintasuna. Gerra ZIbila Gipuzkoan" erakusketa antolatu dute Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean.