Udajolasi lotutako LH-ko ikasleen guraso bilerak gaur

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 23a, 08:01
Atzo Sutegin egindako HH-ko ikasleen guraso bilera.

Uztailaren 6an abiatuko dugun Udajolasen izena eman duten LHko ikasleen gurasoen bi bilera antolatu ditu NOAUA! K.E.-k eta Usurbilgo Udalak astearte honetarako (ekainak 23), 16:30etan hasita Sutegiko auditorioan. Covid19-ak baldintzatuko duen dinamikari buruzko xehetasunen berri jaso ahalko dute gurasoek, begiraleak ezagutu eta zalantzak argitzeko aukera ere bai. Atzoko HH-ko bileren ondotik datoz gaurkoak.

Atzo HH-ko haurren gurasoekin egin bezala, gaurko ere Udajolasen izena emana  duten LH-ko gaztetxoan ama eta aitekin bi bilera finkatu ditugu Sutegiko auditorioan:

Ekainak 23, asteartea
16:30 LH2 eta LH3
18:00 LH1, LH4, LH5 eta LH6

Tokia: Sutegiko auditorioa.
Oharra: bileretara maskara jantzita joatea ezinbestekoa izango da.
Deitzaileak: NOAUA! K.E. eta Usurbilgo Udala.


Azkenean bai, prebentzio neurri artean
Zintzilik zegoen azkenean egin ahalko zen edo ez. Covid19-ak eragindako osasun krisialdiak bizimodua alor guztietan hankaz gora jarri duen honetan, argitzeke zegoen zer gertatuko zen uda parteko aisialdiko ekimenekin. 

Dakizuenez, "deseskalatze" prozesuaren 3. fasean gara iragan aste hasieratik. Fase honetan hainbat ekimen antolatu ahal izatea baimendua dago; tartean udalekuak. 

Testuinguru honetan, NOAUA! Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak antolaturiko Udajolas egitea erabaki dugu. Esan beharrik ez da, covid19-ak eragindako egoera berri honetara egokitua egongo dela. Hala egon da hasieratik; gogoan izan, izen ematea online bideratu behar izan dugu aurten. 

Matrikulazio kanpainan adierazi genuen moduan, izen ematea bideratu nahi genuen lehenbizi; eta gero egoerak baimentzen, udalekuak antolatu ahalko ote genituen erabaki. Aipatu moduan, ekimenok egin ahal izatea baimendua dago jada, beti ere bizi dugun ezohiko egoera honetara egokituta, beharrezko prebentzio neurriak hartuta. Halaxe egingo dugu, beti ere, datozen asteetan kontrakorik ez bazaigu adierazten.

Eusko Jaurlaritzaren dekretuak dioena
4-12 urte arteko 200 lagunentzako lekua genuen NOAUA! K.E.-k eta Usurbilgo Udalak antolaturiko Udajolasen. Maiatzaren 1etik 15era finkatu genuen epearen baitan, HH3-LH6 ikasturte artean ikasten ari ziren 134 haur eta gaztetxok eman zuten izena. 

"Deseskalatze" prozesuaren baitan 3. fasean gara hasieratik. Fase berri honetan besteak beste, udalekuak antolatu ahal izatea baimendu du Eusko Jaurlaritzak. Honela dio hitzez hitz, Eusko Jaurlaritzak 3. fase honi begira plazaraturiko dekretuak, aisialdi ekimenei dagokienean. "Haur eta gazteei zuzendutako aisialdiko jarduerak berriro hasi ahal izango dira, erakunde eskudunek ezartzen dituzten arauekin bat etorriz".

Bizi dugun osasun krisialdia aintzakotzat hartuta, parte hartzea mugatzea eskatzen du Jaurlaritzak. Jarduerak egiten diren tartean, "parte-hartzaileak gehienez ere 15eko (15 kideko) taldeetan antolatu beharko dira, monitoreak barne". Horrekin batera, "ohiko gehieneko edukieraren %60ra mugatuko da parte-hartzaileen kopurua". Udalekuak "aire zabalean" egiten badira "gehienez 200 parte-hartzaile izango dira", "gune itxietan" antolatzen badira "gehienez 80 parte-hartzaile izango dira". Bi kasuetan, "monitoreak barne".