Oiardo Kiroldegia udako ordutegian gaurtik

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 1a, 08:11

Uztailean sartzearekin batera, udako ordutegia izango du indarrean Oiardo Kiroldegiak gaurtik. Gogoan izan, uda osoan izango da zabalik, baita abuztuan eta hilabeteotako larunbat arratsaldeetan ere bai.

Oporrik ez du izango Oiardo Kiroldegiak, zabalik izango da uda osoan zehar, baita abuztuan ere. Udako ordutegia izango du indarrean uztailaren 1etik aurrera, baina honetan ere bada berrikuntzarik; larunbat arratsaldeetan ere zabalik izango da. "Covid19ak baldintzatutako urte honetan, hiru hilabetez itxita izan da kiroldegia, eta hori konpentsatu nahi izan dute bi erabaki horiekin", berri eman du Usurbilgo Udalak. 

Udako ikastaroak
Uda parterako haur eta helduei zuzenduriko oinarrizko kirol eskaintza prestatu du Oiardo Kiroldegiak. Covid19-aren eraginez, ezohiko garai honetara egokituriko "lehorreko" ekintzei lotutako eskaintza; helduentzat spinning, pilates eta GAP ikastaroak uztailaren 6tik 30era. LH1-LH6 mailetako haurrei zuzenduriko Kirol Txokoak baita, "hainbat kirol jarduera egin ditzaten". Hamabostaldika eman ahalko dute izena; uztailaren 6tik 17ra eta uztailaren 20tik 30era. Ekintzotan online izen emateko epea iragan astean bideratu zuten.

Gimnasioak, eta igerileku handi zein txikiak ere zabalik jarraiko dute udan. Baina gogoan izan; guneok erabiltzeko hitzorduak eskatu beharko dira aldez aurretik. 

Eskubaloiko pista, erabilera anitzeko gunea
Kiroldegia zabalik izango den arren adi; eskubaloiko pista hitzordu anitzen gunea izango baita hurrengo asteotan. Honenbestez, kirol jardueretarako ezingo da baliatu. Uztailaren 2a, Usurbilgo jai eguna izanik, itxita egongo da gunea; soilik, Kultur Biraren baitan bertan iragarri diren ekitaldietarako irekiko da. Uztailaren 3an eta 4an ere aipatu ziklo honetako hitzorduak ospatuko dira Kiroldegiko pistan. EAE-ko Legebiltzarra berritzeko uztailaren 12rako deituak dauden hauteskunde egunean ere, hauteslekuetako bat bertan kokatuko dute eta ez Udarregi Ikastolan.