Elizako dorrera itzuliko dute

Elizako erloju zaharberritua eta bere historia ezagutzeko aukera Sutegin

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 1a, 13:15

Auzolanean zaharberritu duten Elizako erlojua ikusgai izango duzue asteotan Sutegin. Berritze prozesua, erloju honek duen historia aberatsa, bitxikeriak, pasadizo ezezagunak... Guztiak bistaratzen dituzten kultur etxeko aretoko ikus-entzunezkoak eta panelek. Eta elizako dorrera, jatorrizko kokagunea itzuli aurretik bertara eraman duten erlojuak berak noski.

Elizako erlojuari buruzko erakusketa uztailaren 19ra arte izango duzue ikusgai, arratsaldero bi orduz, 18:00-20:00 artean Sutegiko aretoan. Erakusketa honen sustatzaileak, erlojuaren zaharberritzean parte hartu duten sustatzaileak dira. Batetik, "Erloj-Eruak" herritar taldea: Juan Mari Agote, Ramon Alkorta, Karmele Arizmendi, Joan Luis Atxega, Jexux Beloki, Pello Hernandez, Iñaki Mujika eta Jexux Pagola. Talde honekin lankidetza hitzarmena sinatua duen Usurbilgo Udala. Erlojuaren egile Yeregui familiako kide batek, Xabier Alvarez Yereguik, Begoña Arruti, Joan Mari Elosua eta Tomas Bergararekin batera osaturiko Yeregui Elkarteak. Udalarekin batera proiektua lagundu dute Salbatore Parrokiak, Urdaintzi Eraikuntzak-ek, Juantxo Burdindegiak, Martxelo Garraioak-ek, Botaleku Zurdindegiak, Berriolak eta Haratagok.

Sutegin asteotan ikusgai izango duzuen erloju zaharberritua jatorrizko kokalekura itzuliko dute gero; Salbatore Elizara. Gaurtik zabalik izango den erakusketa eguerdian aurkeztu dute. Albiste honi atxikitako bideoan dituzue proiektu honen sustatzaileen adierazpenak. Erronka argi batekin lan egin dute guztiek; erlojua berreskuratza zuten helburu guztiek. Pausoz pauso, erlojua elizako dorretik jaitsi, garbitu eta zaharberritu dute. Erakusgai jarri dute asteotan, eta gero, aipatu moduan, jatorrizko kokalekura itzuliko dute. 

Erlojua tradizio luzeko errementari-erlojugile familiako kide Benito Yeregui Goldarazenak egin zuen Ezpaldi Berriko sutegian eta 1912an muntatu zuen elizako dorrean.