Merkataritza hizpide

Artzabal jatetxea: “Eguneko menua asko jaitsi da”

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 2a, 11:11

Zabaldu zenetik hona Artzabalen izan duten harrerarekin pozik da. Hala ere, lana bajatu egin zaie. “%60an gabiltza une honetan”, Igor Gorritik adierazi digunez.

NOAUA! Lanera itzuli zinetenetik hona, nola joan dira gauzak Artzabalen?

Igor Gorriti, Artzabal: Herritarren erantzuna oso ona izan da. Terrazak zabaldu zirenetik, bereziki. Dena den, eguneko menua zintzilik geratu zaigu. Telelanarekin menua asko jaitsi da. Asko. Astebukaeratan oso ondo egiten dugu lan, arratsaldez eta gauez ere bai, baina eguneko menua asko jaitsi da.

 

Eguneko menuan igarri duzue jaitsiera handiena orduan?

Hori da. Bada bezero mota bat, kanpotik datorrena lanera eta hemen bazkaltzeko ohitura duena. Horietako batzuk telelanean ari dira, beste batzuk lanaldi jarraian hasi dira, beste batzuk lana galdu dute... Faktore asko daude tartean. %60an gabiltza une honetan. Eta etorkizunari begira, ezjakintasunarekin bizi dugu egoera.

 

IGOR GORRITI, ARTZABAL

“Bezeroek eskatuta, menu berezia prestatuko dugu jai egunetarako”

 

Jaietan lan asko egin ohi da ostalaritzan. Egun berezi hauek nola bizi dituzue hemen?

Nik beti esaten dut San Joanekin hasten direla Santixabelak Artzabalen. San Joan bezperan lan pila bat egin genuen eta Santixabeletako ostegunetik igandera baditugu erreserbak. Aurten ez nuen jaietako menua egiteko asmorik, baina bezeroek eskatu egin didate eta menu berezia prestatuko dugu jai egunetarako.

 

Gertuago web orrialdean Artzabalerako bonuak eros daitezke. Nola joan zaizue zuei?

Oso ondo funtzionatu du hemen. Laugarren egunerako denak agortuta zeuden. Eskertzekoa da Udalak egindako apustua, baina nire ustez motz geratu da. Bigarren eta hirugarren kanpaina egon beharko litzateke, beharra badagoelako.

 

Kontsumitzaileentzat ere onuragarria delako, ezta?

%20ko deskontua oso deskontu ona da. Horrelako ekimenek jendea martxan jartzen laguntzen dute eta nire aldetik behintzat, dena da positiboa.