Odola ematearen garrantzia, baita osasun krisialdi honetan ere

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 6a, 08:33

Uztaileko lehen astelehena gaur, hilak 6, ondo bidean, anbulatorioan odola emateko eguna izango zen gaurkoa. Covid19-ak ordea hitzorduok ere egokitu ditu hilabeteotan. Baina Usurbilgo Odol Emaileen Elkartetik, orain arte bezala, osasun krisialdi honetan ere odola emateak duen garrantziaz ohartarazten dute.

Bizitza bermatzen duen odola ematera animatzen gaitu Usurbilgo Odol Emaileen Elkarteak. Ezinbesteko garrantzia du, nola ez, baita covid19 garai honetan ere. Bi hilean behin lehen astelehenetan finkatu duen hitzorduari eutsi dio konfinamendu garaian, baina testuinguru berrira egokituta eta prebentzio neurriak hartuta. Anbulatorioan izan ordez, Udarregi Ikastolan egin zuten odol ematea maiatzean. Odola ematea egokitzen zitzaien herritarrei aurrez deituta jakinarazi zitzaien ze ordutan joan behar zuen odola ematera. Berez astelehen honetan, uztailaren 6an egokitzen da hurrengo saioa. Odola ematea egokitzen zaienei aurrez telefonoz deituko zaie; Odol Emaileen Elkartetik hitzorduotara agertzera animatzen dute; finean, bizitzeko guztiok behar dugun odola ematera.

Iaz, 2019an, odol emateek behera egin zuten Usurbilen, nahiz emaile kopurua bere horretan mantendu zen, zereginotan ari den herriko elkartetik emandako datuen arabera. 2018 eta 2019ko odol-emaile kopurua bere horretan mantendu zen 143 emailerekin. Bildutako odol kopurua, ordea, txikiagoa izan zen, 251 emanaldi zenbatu diren 2018an eta 227 emanaldi 2019an; 24 emanaldi gutxiago.

Odola emateko bete beharreko baldintzak
-18-65 urte artean izatea.
-50 kilotik gora pisatzea.
-12 urte baino lehenago hepatitisa izan, kolesterol maila altua izan, baraurik egon ez edota ohiko botikaren bat hartzen baduzu ere, odola eman dezakezu.
-Emakumezkoek urtean gehienez hiru aldiz eman dezakete odola, gizonezkoek gehienez lautan. Odol emate baten eta hurrengoaren artean, gutxienez bi hilabeteko tartea igarotzen utzi beharra dago.

Odola egunero emateko hitzorduen berri bideotatik jaso dezakezue:
donantes2punto0.eus
900 303 404
Twitter