Usurbilen bizi eta erostearen truke, erosketa karroa opari

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 7a, 15:18
Hurbilago Elkarteko dendariak erosketa karroekin. Argazkiaren egilea: Hurbilago.

Usurbilen bizitzeaz gain, herritik mugitu gabe bertan erostea sustatzeko kanpaina berria abiarazi du Hurbilago Usurbilgo Ostalarien eta Merkatarien Elkarteak. Uztailaren 24ra arte erosketak egiten dituztenen artean, erosketa karro bana oparituko du aipatu elkarteko saltoki bakoitzak.

Usurbilen bizi eta erosteak dituen onurak anitzak dira, bizi berri izan dugun konfinamendu garaian are ageriagoan geratu direnak. Eta horretan jarraitzera, herrian bizi eta kontsumitzera gonbidatzen gaitu Hurbilago Usurbilgo merkatari eta ostalarien elkarteak. Kanpaina berri bat abiarazi dute; herrian bizi eta beharrezkoa dugun hori herriko saltokietan eskuratzea sustatzeko. 

Opari ederrekin gainera; albiste honi atxikitako Hurbilagoren argazkia duzue horren lekuko zuzena. Herriko merkatari hainbat ageri dira, erosketa karro banarekin. Karrook zozketatuko dituzte laster; merkatari eta ostalarien elkarteko kide diren denda bakoitzak bat, uztailaren 24ra arte erosketak egiten dituztenen artean. Erosketak egiterakoan, dendariak emandako txartel bat bete beharko da datu pertsonalekin eta dendan utzi beharko da. Zozketara arte itxaron beharko da gero.

Oparituko dituzten erosketa karroen erabiltzaileek lau haizeetara zabalduko dute kanpaina honen lelo eta mamia; "Usurbilen bizi, Usurbilen erosi", aldarria.