Merkataritza hizpide

Itzira Eraikuntzak: “Bonuak berehala agortu ziren”

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 8a, 09:59

"Hainbat astez geldi egotea arazo handia izan da guretzat", adierazi digu Itzira Eraikuntzak-eko arduradunak. "Orain lan askorekin gabiltza. Hilabete t'erdi geldi egon eta gero, jende asko zain zegoen".

NOAUA! Denda bat duzue baina eraikuntza arloko berritze-lanak ere egiten dituzue. Konfinamenduan, bi jarduerak eten behar izan zenituzten, ezta?

Itzira Eraikuntzak: Hori da. Batez ere partikularrekin egiten dugu lan, etxe barruan. Eta etxe barrura ezin zen lanera joan. Hilabete t´erdiz egon gara geldi.

 

Garai zaila pasako zenuten.

Eragin handia izan du. Denoi bezala, kolpean etorri zitzaigun. Derrepentean. Eta ez geunden prestatuta. Lan guztia etxe barruan egitekoa zen, berrikuntzak batez ere, eta ezin lanik egin.

 

Eta zer moduz ari zarete une honetan?

Orain, egia esan, lan askorekin gabiltza. Hilabete t´erdi geldi egon eta gero, jende asko zain zegoen. Hasitako lanak bukatzeko zain.

 

Lanez gainezka orduan. Hobe horrela, ezta?

Bai. Guretzat hainbat astez geldi egotea arazo handia izan da. Dendaz aparte, eraikuntza enpresa txiki bat dugu, eta gastu asko juntatzen dira. Maileguak, hipotekak... Langile batzuk ERTEan sartu ziren, beste batzuk ez, bajan zeudelako. Guk behintzat gastu asko izan ditugu. Orain gustura gaude, lana badagoelako.

 

“Ez genuen horrelako harrerarik espero”

Itziran erosteko bonuak eskura zitezkeen Gertuago web orrialdean. Zer moduz joan zaizue?

Salgai jarri eta berehala agortu ziren. Guk jada ez ditugu. Egia esan, ez genuen horrelako harrerarik espero. Denak ez dira etorri oraindik bonuak gastatzera, baina urtean zehar pasa daitezke.

 

Kontsumoa sustatzeko kanpaina ona izan dela uste al duzu?

Oso ona, herritarrentzat bentaja da. Bezeroa gustura dago, eta bezeroa gustura badago, gu ere bai.