Hauteskunde kanpaina

“EH Bildun prest gaude erronkari heltzeko eta herri hau aldaketaren norabidean jartzeko”

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 9a, 13:36

Covid 19ak eragindako krisiak berehalako erantzunak behar dituela adierazi digu Agurtzane Solaberrietak. "Zerbitzu publiko askoz indartsuagoak behar ditugu jendearen beharrei erantzuteko eta herritarrak babesteko".

NOAUA! Modu batean edo bestean, pandemiak denoi eragin digu. Konfinamendutik zer nolako irakasgaiak atera dituzu?

Agurtzane Solaberrieta, EHBildu: Covid 19ak sistema hau biluzik utzi du: gizarte honen kontraesan sakonak, gabeziak, zelofanak, ezaugarriak... Eta agerian utzi du ere zer beharko lukeen lehentasunezko eta ezinbesteko. Bat-batean konturatu gara zer den garrantzitsua: bizitza bera, gurea eta hurkoarena.

Egoera hobetuz doa, urak baretzen, baina ezin erabat lasai egon. Badugu zer ikasia, badugu zer hobetu herri/gizarte bezala, ez dadila dena lehenera bueltatu edo ez dadin normaltasun berria iritsi, irakaspenik atera gabe. Norabide horretan, nik bi azpimarratuko nituzke:

1) Zerbitzu publiko askoz indartsuagoak behar ditugula jendearen beharrei erantzuteko eta herritarrak babesteko, eta, zer esanik ez, gure herritarrak zaintzeko, besteak bestea, osasun-, hezkuntza-eta zaintza-arloetan. Izan, ere, egerian geratu da zaintza-krisiaren dimentsioa. Estrukturala dela esango nuke, eta zer-nolako baliabide publiko gutxi bideratzen diren horretara.

2) Elkarlanaren beharra. Usurbilgo udalean herritarrekin, herriko eragileekin, lan egiteko ohitura dugu eta honek krisian funtzionatu du. Herritarrek ekarpena egin dute eta udala irekita egon da guztion artean egin genezakeen lana artikulatzeko. Hausnarrerako, elkarlanerako, espazioak sortu ditugu eremu askotan,  komunitate arteko sareak josteko eta artikulatzeko.

 

Hauteskundeak egiteko garaiak zeresana eman du. Zer iritzi duzu polemika horren inguruan?

Pasatu ditugunak pasata, bistan da ez direla hauteskundeetarako garai egokienak, bai osasunaren ikuspegitik, bai herritarren egoera emozionalari erreparatuta. Une honetan jendeak bestelako lehentasunak ditu, normala denez, eta, beraz, edozein hauteskunde egiteko bete beharreko gutxieneko baldintza demokratikoak bermatuta ote dauden zalantza dut.

Beraz, hauteskundeak uztailaren 12an egiteko erabakiaren atzean Iñigo Urkullu eta EAJren interesak baino ez daude. Edonola ere, EHBildun prest gaude erronkari heltzeko, Maddalen Iriarte lehendakari egiteko, eta herri hau aldaketaren norabidean jartzeko.

 

Agurtzane Solaberrieta, EHBildu

“Ezin dugu onartu langileek berriro ordaintzea krisi honen faktura”

 

Une honetan, herritar askoren kezka-iturri nagusiak ekonomia eta osasuna dira. Zer nolako neurriak defendatuko ditu zuk ordezkatzen duzun alderdiak?

Covid 19ak eragindako osasun krisiak, krisi ekonomikoak eta sozialak berehalako erantzunak behar ditu. Krisiaren ondorioei erantzuteko, EHBilduk Larrialdi Plana aurkeztu du. Larrialdi plan instituzional honen zeregina da, egungo krisiaren berehalako ondorioak, ahal den neurrian arintzeko beharrezkoak diren tresna publiko eta pribatuak artikulatzea, eta aldi berean, etorkizun hurbilean beharrezkoak diren finantzaketa- eta inbertsio-mekanismoak artikulatzea, bertatik, berrikuntza, berdintasun eta ekitate-oinarri berriekin irteteko, desberdintasun-arrisku handiagoaren aurrean inor albo batera ez uzteko eta hamarkada honetan dituen erronka erraldoiei aurre egin ahal izateko.

 

Plan horretan, neurri zehatzak ere jasotzen dira, besteak beste:

1) 1.080 euroko gutxieneko pentsioak bermatzea, milaka pentsiodunek jasotzen dituzten miseriazko pentsioak amaitzeko, eta, euskal pentsio sistema publikoa sortzea. Ezinbestekoa da, halaber,  Gizarte Segurantzaren kudeaketaren transferentzia.

2) Gure industria berriro martxan jartzea ezinbestekoa da, sektore horrek gure ekonomian duen pisua BPGren %28ra iristea. Bide horretan, ezinbestekoak dira herri akordio bat egitea ikerketa eta garapenean BPGren %3 inbertitzeko, Europar Batasunak gomendatu bezala, eta eskualdeetan ondo inplementatutako eta dibertsifikatutako industria-eredu berritua, soziala, ekologikoa eta teknologikoa sustatzea.

3) Prekarietatea desagerrarazteko eta herritarren eskubideak bermatzeko plana: 33.000 lanpostu berri sortzea eta arriskuan dauden 100.000 lanpostuei eustea, 1.200 euroko gutxieneko soldata, lan erreforma ez aplikatzea, 35 orduko lan astea enplegua banatzeko eta, etxebizitza eskubidea bermatzeko, alokairu publikoko 11.000 etxebizitza herritarren eskura jarri eta alokairuaren prezioa mugatzea.

4) Erreforma fiskala egitea, aberastasunaren gaineko zerga batekin eta aberastasun handientzako Covid tasa batekin, gehien dutenek gehiago ordain dezaten. Horregatik eskatzen dugu bankuek itzul ditzatela erreskatearen 60.000 milioiak, horregatik eskatzen dugu PPren lan erreforma bertan behera uzteko, eta horregatik esaten diogu Urkulluri zementuaren politikan osasun eta hezkuntzaren baliabideak xahutzeari uzteko, lehentasuna, beti, jendea delako. Ezin dugu onartu langileek berriro ordaintzea krisi honen faktura.

 

“Herri hau merezi duen tokira eraman behar dugu”

Amaitzeko, zergatik eman beharko genioke botoa zuk ordezkatzen duzun alderdiari?

Uztailaren 12an asko dago jokoan. Uztailaren 12an Covidak eragindako krisi sanitario eta sozioekonomikotik nola aterako garen erabakiko da. Euskal herritarrok bi aukeraren artean hautatu beharko dugu: EAJk ordezkatzen dituen errezeta zaharren ala EH Bilduk ordezkatzen dituen erantzun berrien artean. Horregatik, aldaketa beharrezkoa eta premiazkoa dela uste duten usurbildarrei, jendea zaintzea beharrezkoa dela uste dutenei, denon artean merezi dugun herria eraiki behar dugula uste dutenei zuzenduko natzaie: aldaketa bakarra EH Bildu da eta orain da aldaketarako unea. Herri honek norabide aldaketa behar du, politika egiteko modu ahituak ez baitira gai herri honek dituen erronkei erantzuteko. Herri honek jendea ulertu eta zainduko duen gobernua behar du, aurrean ditugun erronka globalei erantzuten jakingo duena. Herri hau merezi duen tokira eraman behar dugu, ardura hori dugu eta egiteko prest gaude.