Covid19-az diagnostikaturiko kasu berririk ez

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 11a, 12:52

Maiatzaz geroztik, ia bi hilabete dira Osasun Sailak covid19-az diagnostikaturiko kasu berririk antzeman ez duenetik. Osasun larrialdi hau abiatu eta herriz herriko jarraipena egiten hasi zirenetik 16 izan dira Usurbilen koronabirus kasuak Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera.

Azken bi hilabeteon tankeran, aldaketarik ez Usurbilen. Covid19 kasuen eguneroko eta herriz herriko jarraipena egiten hasi zenetik 0 hildako eta 16 kasu zenbatu ditu Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak udalerri honetan. Aipatu moduan, ez du diagnostikatu berririk antzeman azken bi hilabeteetan. 6.318 biztanleko udalerri honetan, 100.000 biztanleko 253,2ko diagnostikatze tasa du Usurbilek.

Usurbilek Lasarterekin batera osatzen duen osasun eremuan 71 dira gaur arte antzemandako kasuak eta 5 hildako zenbatu ditu Osasun Sailak. 26.512 biztanle dituen inguruneak 100.000 biztanleko 267,8ko diagnostikatze tasa du.

EAE mailako azken 24 orduotako datuei dagokienean, 60 egunez PCR positiboa zuen pertsona bat hil zen atzo. Covid19-agatik 6 pertsona daude ZIU-n. Atzo egindako 3.757 probetatik 31 dira PCR bidez antzeman dituzten kasu diagnostikatu berriak, haietatik 17 Gipuzkoan. "Test azkarren" bidez 43 kasu. Gaixo egon ostean, covid19 gabeko 29 pertsona zenbatu zituzten atzo eta "7 lagunek jaso juten ospitaleko alta". 

Puntu bakarraren azpitik behar lukeen birsorkuntza tasa 1,76an dago.