#U12

Oiardo Kiroldegiko pista hauteskundeengatik itxita gaur

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 12a, 08:00

Eusko Legebiltzarra berritzeko bozketa egun honetarako Udarregi Ikastolako hauteslekuak Oiardo Kiroldegira lekuz aldatu dituzte, igande honetan itxita egongo den eskubaloi eta beste hainbat jardueren pistara. Gogoan izan, "deseskalatze" prozesuan urrats gehiago ematen ari da Oiardo egunotan.

Covid19-ak eragindako osasun krisialdiak erabilera anitzeko gunean bilakatu du asteotan Oiardo Kiroldegiko pista. Kultur Biraren ekitaldiak tarteko itxita egon zen uztailaren 2tik 4ra. Eta EAE-ko Legebiltzarra berritzeko hauteskunde egun honetan ere itxita egongo da. Aurreko bozketetan, Udarregi Ikastolan kokatu izan dituzten hauteslekuak gaur, aipatu pistan egongo dira zabalik 9:00-20:00 artean.

Irekiera prozesu betean
Covid19-ak eragindako osasun krisialdiak itxita izan zuen Oiardo Kiroldegia hiru hilabetez, martxotik ekaina hasierara. Joan den hilabete hasieran gimnasioa eta igerilekuak zabaldu dituzten bizi dugun ezohiko testuinguru honetara egokituriko baldintzetan. Norabide horretan "deseskalatze" horretan urrats berriak iragarri ditu Usurbilgo Udalak. Ostegunaz geroztik zabalik dira gimnasioko aldagelak eta rokodromoa. Aipatu moduan, hauek ere ezohiko baldintzetan. 

"Rokodromoan hiru pertsona egon ahal izango dira, gehienez, ordubeteko txanda bakoitzean, eta aurrez hartu beharko da txanda, telefonoz. Gimnasioko aldagelei dagokienez, horren erabiltzaileek aldageletan dutxatzeko aukera izango dute, nahiz eta etxean dutxatzeko gomendioa egin duten. Aforoa mugatua izango da, eta dutxa erabilgarrien kopurua mugatu egingo da", iragarri du Udalak.

Astelehen honetan (uztailak 13) bestalde, Kiroldegiko sauna irekiko dute. Hemen ere "erabilera kontrolatua izango da: ordubeteko txandak izango dira, hitzordua aurrez eskatuta telefonoz. Txanda bakoitzean erabiltzaile bakar batek egon ahal izango du".

Diru itzulketa
Covid19-ak eragindako osasun krisialdiaren eraginez, itxita izan da Oiardo Kiroldegia ekaina hasierara arte. Ondorioz bertan behera geratu ziren baita kiroldegiak eskaini ohi dituen zerbitzu guztiak, tartean izen ematearekin batera kobratzen diren ikastaroak. Udalak duela hilabete batzuk iragarri moduan, “Udalak eman ez diren (ikastaroen) orduengatik” ordu kopuru horri dagokion kuota zatia itzuliko die erabiltzaileei. Erabaki hau uztailaren 3ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zuen Udalak. Biharamunetik zenbatzen hasita erreklamazioak aurkezteko 30 laneguneko tartea egongo da. Tarte horretan alegaziorik aurkeztuko ez balitz behin betiko onartutzat joko da.

Udako ordutegian
Uztailaren 1az geroztik udako ordutegia du indarrean Oiardo Kiroldegiak. Uztaila eta abuztu osoan zabalik izango da; baita larunbat arratsaldeetan ere. "Covid19ak baldintzatutako urte honetan, hiru hilabetez itxita izan da kiroldegia, eta hori konpentsatu nahi izan dute bi erabaki horiekin", berri eman du Usurbilgo Udalak.