#U12

Bozketa eguna, ezohiko segurtasun neurrien artean

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 12a, 08:31

Osasun krisialdi betean ospatuko dira EAE-ko Legebiltzarra berritzeko hauteskundeak. Protokolo eta ezohiko segurtasun neurrien artean. Bozka ematera doanak, maskara jantzita joan beharko du, eta ahal dela bozka etxetik prest izanda. 9:00-20:00 artean zabalduko dira hauteslekuak.

Hauteslekuek bete beharreko baldintzak:
-Bi hautesleku lekuz aldatu dira; Udarregi Ikastolako mahaiak Oiardo Kiroldegian kokatuko dira, Aginagako Eskolan zegoena psikomotrizitzate gelan.
-Mahaien artean 2 metroko tartea gutxienez.
-Mahaikideen artean 1,5 metroko tartea gutxienez.
-Bozketa-kabina mahaietatik behar beste aldenduak.
-Lokala aireztatua mantentzea.
-Pertsonak mugitzen laguntzea, segurtasun-tarteak mantenduta.
-Lurrean jarritako marken bidez, boto-emaileen arteko distantziak mantentzea erraztea botoa emateko itxaronaldian.
-Hauteskunde mahai bakoitzak osasun-babeserako materiala izango du; maskara higienikoak, gel hidroalkoholikoa, boto-zenbaketarako FFP2 maskarak eta eskularruak eta erabilitako osasun materiala biltzeko zabor poltsa. Baita hauteslekuaren sarrera-irteeretarako gel hidroalkoholikoa, maskarak etxean ahaztu dituztenentzat edota material hauentzako poltsak.

Hautesleak:
-Etxetik irten aurretik errolda-txartelean ondo begiratu non dagokizuen bozkatzea eta dokumentazioa prestatu, hauteslekuan ahalik eta denbora gutxien egoteko. Jende gehien bildu daitekeen uneak saihestu.
-Hautesleku sarrerak kontrolatuko dira jende pilaketak saihesteko. Seinaleztatuak egongo dira pertsonen joan-etorriak.
-Hauteslekura sartzerakoan pertsonen arteko gutxieneko segurtasun distantzia mantendu, eskuak garbitu eta maskara jantzita izan.
-Bere kabuz bozkatzera joan ezin dutenentzat doako garraio zerbitzua. Laguntza behar dutenek uztailaren 10a baino lehen deitu dezatela: DYA-943 46 46 22.
-Hauteslekura sartu eta irtetean sarreran egongo den gel hidroalkoholikoa erabili eta maskara jantzita joan. Higiene- eta distantzia-arloko osasun-agintarien gomendioak bete.
-Bozkatzerakoan une batez maskara kendu ahalko da, hauteskunde-mahaiak bere nortasuna ezagutu ahal izateko, eta segurtasun-tartea une oro mantendu. Ahaleginak egin dokumentazio pertsonala edo bozketako gutun-azala mahaiburuari fisikoki ez emateko. Erakustea aski izango da.

Mahaikideak:
-Administrazio ordezkariak mahaikide bakoitzari erabilera indibidualeko materiala emango dio, eta, gainera, beharrezkoak diren erabilera-jarraibideak azalduko dizkio.
-Banatuko zaien materiala: bozketarako maskara kirurgikoak eta hauteskunde-mahai bakoitzeko gel hidroalkoholikoa; boto zenbaketarako FFP2 maskara eta nitrilozko eskularruak; babes-materiala botatzeko plastikozko poltsa hermetikoak.
-Boto zenbaketan mahaiburuak zainduko du "boto-kontaketara bertaratutakoen kopurua lokalaren edukiera ez gainditzea gomendatutako distantziak kontuan hartuta, betiere kontaketan parte hartu behar dutenak alde batera utzita".
-Bozka zenbaketan, "eragiketetan parte hartzen duten pertsonak gomendatutako distantzia eta higiene- eta osasun-neurriak mantentzen saiatuko dira".

Informazio gehiagorako: euskadi.eus