Eusko Jaurlaritzaren eta EUDELen aginduz

Udajolas bertan behera eta Eguneko Zentroa itxita

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 18a, 16:23

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren eta EUDEL-en aginduz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa osoako udalekuak bertan behera geratu dira. Zentro soziosanitarioetako zerbitzuak ere murriztea erabaki du Jaurlaritzak. Usurbilera etorrita, Udajolas bertan behera utzi behar izan dugu. Udalak iragarri duenez, Eguneko Zentroa ere itxita izango da bihar.

Covid19-az diagnostikaturiko kasu kopuruaren gorakada aintzakotzat izanda, Eusko Jaurlaritzak zenbait neurri iragarri ditu eguerdian; zentro soziosanitarioei dagokienean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiekin batera, Eguneko Zentroak ixtea eta adinekoen egoitzietan egoiliarrei irteerak murriztu eta bisitak mugatzea. Usurbila etorrita, Eguneko Zentroa bihar itxita izango dela berri eman du Udalak.

Jaurlaritzak Euskadiko Udalen Elkartekin (Eudel) batera bestalde, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udalekuak bertan behera uztea erabaki dute. Honenbestez, eta pena handiz, Usurbilen Udajolas ere bertan behera utzi behar izan dugu.

Neurriok prentsaurreko bidez iragarri ditu larunbat eguerdi honetan Nekane Murga Jaurlaritzako osasun sailburuak. "Prebentziozko eta behin-behineko neurri gisa" aurkeztu ditu erabakiok. "Datozen egunetan berrikusiko dira", iragarri du.

Ez dute dekreturik kaleratuko dutenik adierazi momentuz. Udalak ere ez du halako erabakien berri jaso, ezta NOAUA! Kultur Elkarteak ere. Prentsaurreko baten bidez jakin dugu guztiok Jaurlaritzak hartutako azken erabakien berri. 

Azken datuak
Orain arte egunero egunero ematen zuen Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak, covid19-aren inguruko datuen berri. Osasun Sailaren arabera, berriz ere diagnostikaturiko kasuak gorantz nabarmen egiten ari den honetan, koronabirusaren bilakaerari lotutako eguneroko informazioa emateko modua aldatu eta murriztu du Gasteizko gobernuak. Orain arte astelehenetik igandera jakinarazten zituen datuak; aurrerantzean, astelehenetik ostiralera. Asteburuetako datuen berri honenbestez, astelehenetan eskainiko du.

Gaurko agerraldian datuok eskaini ditu soilik Osasun Sailak. 25.000 PCR proba egin direla joan den larunbatetik atzora arte. Horietatik 4.997 atzo bertan. Eta 115 kasu berri antzeman dituztela azken 24 orduotan; 9 Araban, 43 Bizkaian eta 63 Gipuzkoan.