Michelin ohiko jardunean, abuztuaren 10etik aurrera

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 29a, 14:10

Hego Euskal Herriko, estatu espainiarreko eta portugaldarreko lantegi guztietako aldi baterako enplegu erregulazioak indargabetuko ditu Michelinek eta ohiko jardunera itzuliko dira abuztuaren 10ean.

Honenbestez, abuztuaren 10etik aurrera ohiko jardunera itzuliko da Michelin. Aipatu bi estatuetako lantegietan guztira 1.500 langile inguru zituen aldi baterako enplegu erregulazioaren eraginpean. Antza haietatik ehun baino gutxiago, egun 500 langile dituen Usurbilgo plantan, beste 1000-1100 langile, 3.400eko lan taldea duen Gasteizko lantegian. Halere hilabete hasieran atera omen zituen egoera horretatik langile gehienak. Kontratua berritu ez zaien hainbat langileek ahal bezain laster lantokira itzuli behar luketela gogorarazi diete sindikatuek zuzendaritzari, hala adostu zutelako lan hitzarmenaren negoziazioan.

Michelingo zuzendaritzak langileen ordezkariekin asteazken honetan egin duen biltzarrean adierazi du, hurrengo bi hilabeteetarako dauden ekoizpen aurreikuspenek ez dutela justifikatzen aldi baterako enplegu erregulazioan segitzea. Lehen enplegu erregulazioa alarma egoera abiatuta jarri zuten indarrean, bigarrena maiatzean. Aldi baterako enplegu erregulazioa aurreikusitakoa baino hilabete lehenago indargabetuko dute. Hurrengo hilabeteetako ekoizpenari lotutako gorabeherak malgutasunerako dituzten barne mekanismoekin kudeatu asmo dituzte.

Halere, urteko azken hiruhilekorako aurreikuspen argirik ez du Michelinek, ziurgabetasuna adierazi du urte amaierari begira. 2020ko lehen seihilekoan 137 milioi euroko galera izan omen du Michelinek. Urte garai berean 2019an 844 milioi euroko irabaziak.

Erlazionatuak

ERTE berri bat Michelinentzat

Noaua Aldizkaria 2020 mai 06 Usurbil