Koronabirusa

Covid19-ak legealdi osoa baldintzatuko du

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 30a, 10:28

Behar berriak azaleratu ditu covid19-ak eta haientzako neurri berriak hartu beharra. Hauei jada 2019-23 Legealdi Planean bildutakoak batu behar. Urte hasieran udal gobernu taldeak "Usurbiltzen" aldarripean aurkezturiko legealdia koronabirusak baldintzaturikoa izango dela iragarri du udal gobernu taldeak.

Bizimodua goitik behera aldarazi digun covid19-ak ere bete-betean eragin du urtebeteko ibilbidea jorratu duen 2019-23 legealdian. Eta hala izaten segiko duela iragarri du Usurbilgo Udalak. "Covid19-aren agerraldiak legegintzaldi osoa baldintzatuko du", iragarri du.

Ohar bidez jakinarazi duenez, "itxialdiak gizarteko alor guztiak kolpatu ditu, baita udalak ere. Gaitzak, gainera, behar berriak azaleratu ditu, eta udal-gobernua hasieran planteatutako neurri zenbait atzeratu edo bertan behera uztera behartuta badago ere, behar berriek neurri berriak hartzea ekarri du: esaterako, oinarrizko elikadura bermatzeko dirulaguntza sortzearena, herriko merkataritza eta ostalaritza biziberritzeko sortutako erosketa bonuak edo Usurbilgo Kultur Bira eta usurbilkultura.eus plataforma".

Ezohiko testuinguru honetan, hiru lehentasun nagusi finkatu zituen udal gobernu taldeak, oposizioko udal taldeekin adostuta; tokiko gizarte-, kultura- eta ekonomia-sareak zaintzea. "Jendearen bizitza da zaindu behar dena", nabarmendu du Udalak.

Legealdiko plana
Urte hasieran 2019-23 legealdirako plana aurkeztu zien udal gobernu taldeak herritar eta eragile anitzei Sutegin, "Usurbiltzen" aldarripean. Datozen lau urteotan bete beharreko 130 neurri iragarri zituzten. Legealdiko planaren berri emateko usurbiltzen.eus ataria ere martxan jarri zuten. Plataforma ez zuten plana bera ezagutzeko soilik baliatu nahi.

Herritarrei ekimen bakoitza zertan den, unean uneko jarraipena egiteko aukera eskaini nahi zieten. Egitasmo guztion jarraipena egin dezakezue jada arloka; ze proiektu dauden gauzatuta, abian edo hasteke. Horretarako sartu usurbiltzen.eus atarian eta "proiektuak" izeneko atalean klikatu.

Legealdiko planaren ardatzen ("herri nortasuna", "herri jasangarria", "ongizartea", "Udala herriaren zerbitzura") eta ekimen bakoitzaren betetze mailaren araberako bilaketak egin ditzakezue.

Informazio gehiagorako: usurbiltzen.eus