Koronabirusa

Bilkurak mugatu eta segurtasun distantzia zorrozteko neurri berriak iragarri ditu Eusko Jaurlaritzak

Osasun larrialdi egoera indarrean da atzotik EAE osoan, baita honenbestez Usurbilen ere. Astearte honetan iragarri berri dituzte covid19-aren hedapenari aurre egitera bideraturiko neurri murriztaile berriak. Adi; gehienez 10eko taldeetan bilduko ahalko gara, ostalaritza guneetan eserita kontsumitu beharko da pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia bermatuta. 1:00ak arte zabaldu ahalko dira taberna eta jatetxeak, 1:30ak arte garraio zerbitzuak... Ez dute argitu noiztik noiz arte izango diren indarrean, ahal bezain laster jarriko dituztela martxan. Eta astero egingo dutela egoeraren gaineko jarraipena. Azterketa horren arabera, neurriok malgutu edo zorroztuko dituzte.

Osasun larrialdian gara atzotik Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa osoan; honenbestez baita Usurbilen ere. Osasun larrialdia dekretatu zuen atzo Eusko Jaurlaritzak, asterte honetan testuinguru honi lotutako lehen neurri murriztaileak iragarri dituzte. Bi motatakoak; batzuk, gaur bertan zehaztu dituztenak EAE osorako. Besteak, "neurri kirurgikoak" deitutakoak. Unean uneko eta tokian tokiko errealitatera aplikatuko dituztenak, koronabirusak gehien eragindako eremuetan alegia; azken asteotan hainbat udalerri, auzo nahiz etxebizitza eraikinetan martxan jarritakoak hain zuzen.

Aipatu moduan, gaur EAE osorako neurri murriztaile berriak zehaztu dituzte, baina ez dute argitu noiz jarriko dituzten martxan, ezta noiz arte ere. Ahal bezain laster aplikatu nahi dituztela aipatu dute Arantxa Tapia, Nekane Murga eta Cristina Uriarte sailburuek.

Covid19-aren hedapena gutxitzeko jomuga nagusia jendearen bilkuretan jarria du Eusko Jaurlaritzak. Gehienez jota 10 pertsonako taldeak baimenduko dituzte. Segidan dituzue astearte eguerdi honetan iragarri dituzten neurri murriztaile nagusien berri:

NEURRI NAGUSIAK
-Indarraldia: datozen egunotan (noiz zehazteke) jarriko dira indarrean, joera positiboki nahiz negatiboki aldatu arte izango dira indarrean. Asteroko bileretan aztertuko dute unean uneko egoera eta horren arabera, neurriak malgutu edo zorroztea erabaki dezakete.
-Gehienez 10eko taldeetan biltzeko aukera bai kalean, ostalaritza guneetan, jarduera fisikoak egiterakoan, bisita gidatuetan...
-Gurtza guneak, beilatokiak, hiletak: gehienez 30 lagun, bai barruan zein kanpoan.
-Gune soziosanitarioak: bisita eta irteeretarako mugak (iragan astean automonia erkidegoen arteko bileran adosturiko neurriak).
-Ostalaritza guneak (tabernak, jatetxeak, txokoak):
1-1,5 metroko distantzia mahaien artean eta baita mahaikideen artean ere. Eseritako pertsonen arteko distantzia 1,5 metrokoa izatea bermatu beharko da.
2-Kontsumoa beti eserita, bai barruan eta kanpoan.
3-Jangeletan gehienez 60 lagun. 
4-Itxiera ordua: 1:00 (00:00etatik aurrera ezingo zaie zerbitzatu bezero berriei).
5-Gaueko aisialdiko ostalaritza guneak itxita izango dira (dantzalekuak, pub-ak, diskotekak...).
6-Hotelak: gune komunetan %60ko edukiera. Animazio ekintzetan gehienez 10eko taldeak.

-Garraio zerbitzuak: 1:00etan ostalaritza guneen itxiera. 1:30etan azken garraio zerbitzuak (trena, autobusak, metroa...). Bi ordutik beherako bidaietan ezingo da jan. Edan bai, baina edateko unean soilik kendu ahalko da musukoa.
-Igerilekuak: %60ko edukieran. Gehienez 3 orduko egonaldia.
-Tabakoaren kontsumoa: pertsonen arteko 2 metroko distantzia bermatu ezin denean debekatua.