Xua Gurasoekin Etxera

Euskal presoak etxeratzeko elkarretaratzea gaur

Noaua Aldizkaria 2020ko abu. 28a, 07:09

Euskal presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea gaur (abuztuak 28) arratsaldeko 20:00etan Mikel Laboa plazan. Hainbat espetxeetan "komunikazio intimoak, familiarrak eta bizikidetzakoak" eten berri direla jakinarazi ostean deitu du mobilizazioa Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak.

Abuztuko azken ostirala gaur (hilak 28). Euskal presoen eskubideak betearaziak izatea exijitzeko mobilizazio eguna Euskal Herriko plazetan, baita Usurbilen ere. Elkarretaratzea arratsaldeko 20:00etan Mikel Laboa plazan, Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak deituta.

Gaurko mobilizazioa senide eta lagunek euskal presoekin izan ohi dituzten "komunikazio intimoak, familiarrak eta bizikidetzakoak" bertan behera geratu direla jakin berritan egingo da. Etxerat-ek aste honetan bertan berri eman duenez, aipatu hartueman guztiok izateko aukera eten du Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak Hego Euskal Herriko, Madril eta Errioxa erkidegoetako, Zaragozako eta Valentziako espetxeetan, covid19-a dela eta.

"Vis a vis" komunikazioak ere bertan behera utzi dituzte Etxerat-ek jakinarazi duenez, "Jaen, Curtis, Daroca, Badajoz, El Dueso eta Puerto I espetxeetan. Ocañan eta Puerto III-n ere murrizketak daude. Eta Topaseko presoek koarentenak pairatzen dituzte". 

Pandemiari aurre egiteko neurriak
Testuinguru honetan, presoen eta senideen artean areagotzen doan sufrimendua salatu du Etxerat-ek. "Euskal presoek eta haien senideok (gaur egun senideen %66ak 1.200 eta 2.200 km arteko bidaiak egin beharko ditu haien senide presoak bisitatzeko) emozio-karga handia jasaten ari gara, osasun-krisiaren ondorioz segurtasun-eza, urduritasuna, beldurra eta ezintasuna bizitzen ari garelako; izan ere, espetxeetan isolamendua areagotzen da".

Errealitate hau iraultzeko, euskal presoen euskal herriratzea eta nazioarteko erakundeek pandemia hasieran gomendatutako neurriak indarrean jartzea galdegin du Etxerat-ek; "hirugarren gradura iristeko baldintzak dituzten presoak, gaixotasun larriak dituztenak, arrisku-taldean daudenak eta  65 urte baino gehiago dituztenak askatzea". Horrekin batera, preso guztiei PCR probak egitea eskatzen dute, birusa espetxeetara sartzea eragozteko eta "komunikatzeko eskubidea eta osasunerako eskubidea duintasunez bermatzeko".

Bisitak eteteko beldurra agertu zuten
Erabakiok besteak beste, duela bi urtetik kalean egon behar izan baina oraindik orain Madrilgo Aranjuezeko espetxean diren Olatz Lasagabaster, Patxi Uranga eta haien alaba jaioberri Maddiri eragingo diete honenbestez. 

Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik uztaila amaieran eginiko elkarretaratzean gerta zitekeenaz ohartarazi zuten. Presoen senideei bisitak eteteko beldurra agertu zuten, covid19-ak baldintzaturiko ezohiko testuinguru honetan. "Prebentzio-neurri gisa bisitak murriztu zituzten eta urrunketa dela-eta presoek hilabeteetan ez dituzte bisitarik jaso. Orain hasi dira bisita batzuk izaten baina aurrez aurreko oso gutxi bideratu dira nahiz eta Espetxe Zuzendaritzak uztailean berrekingo zietela esan zuen", adierazi zuten uztailaren 31ko elkarretaratzean.

Olatz, Patxi, Maddi eta haien senideei zuzenean eragiten ari zaie errealitate hau. "Patxiren eta Olatzen senideen ere ez dute oraindik bis a bisarik lortu. Beldur gara berriro ere bisitak bertan behera ez ote diren geratuko eta haien familiak eta, batez ere, alaba Xuak gurasoak ikusi ahal izateko berriz ere hilabeteak igaro behar izana". 

Ongi etorria
Urrunketa politika abiatu zeneko 33 urte bete zirela salatu zuten mobilizazioan gainera, ongi etorria eman zioten uztailaren 18an jaio zen Olatz eta Patxiren bigarren alaba Maddiri. "Gutxienez, ez zailtasunik gabe, Maddi jaio zenean ama ikusteko eta ahizpa ezagutzeko aukera izan zuten erietxean", azaldu zuten Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik. Egoera gogor honetan, "Maddiren etorrerak behintzat argizpi eta poztasun ederra ekarri dizkiete". Hiruren etxeratzea exijitzearekin batera, Maddiri ongi etorria emateko talde argazkia atera zuten.