Asteburuan covid19 kasu bat agertu da Madrilgo Aranjuezeko espetxean eta bisitak eten zaizkie, duela bi urtetik aske behar zuten arren bertan preso dituzten Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga herritarrei. Bai kanpoko eta baita barne bisitak ere bertan behera utzi dizkiete. Asteburuan Olatz bisitatzera zihoazenak “bidean ziren arratsaldean bisita egiteko eta Olatzen telefonoz abisua eman ondoren itzuli egin ziren”, berri eman diote NOAUA!ri Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik. Espetxe berean baina modulu ezberdinetan bereiziak dauden Olatz eta Patxi elkar ikusteko bisitak ere eten dizkiete.
Ia 7 hilabete Xua eta hurbilekoak besarkatu ezinik
Bizi dugun osasun krisialdiaren harira espetxeetan hartu diren neurriak tarteko, ia zazpi hilabete daramate Aranjuezeko espetxean Olatz Lasagabasterrek eta Patxi Urangak 3 urteko Xua alaba eta hurbileko senideak besarkatu ezinik. Asteburuan bisitak guztiz ete aurretik, ia denak bertan behera utzi zaizkiela salatu zuten aurreko ostiralean Mikel Laboa plazan egin zuten euskal presoen eskubideen aldeko elkarretaratzean. Testuinguru honetan, urruntze neurriak indargabetu eta nazioarteko erakundeek pandemia hasieran plazaraturiko neurriak aplikatzea eskatu zuten.
"Lokutorioan kristalarekin egiten ez diren gainerako bisitak kendu dituzte". Bai "komunikazio intimoak, familiarrak eta bizikidetzakoak". Guztiak bertan behera utzi ditu Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak Hego Euskal Herriko espetxeetan, baita besteak beste Madril eta Errioxa erkidegoetako, Zaragozako eta Valentziako espetxeetan, covid19-a dela eta. Topasen berrogeialdian dira presoak.
Hala salatu du egunotan Etxerat-ek eta baita Usurbilen Nahi Dituguk hilero moduan, abuztuko azken ostiral arratsaldean Mikel Laboa plazan deitu zuen elkarretaratzean ere. Neurriok hainbat presoei eragingo diete, tartean, duela bi urtetik kalean behar zuten Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga herrikideei. Uztailaren 18an jaio zen Maddi alabarekin batera Aranjuezeko espetxean dira egun. Urtarrilean 3 urte bete zituenean haiengandik bereizi zuten alaba Xuarengandik ehunka kilometrora. Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak salatu duenez, "neurri honek zuzenean eragin die Olatz eta Patxi presoei. Ia zazpi hilabete daramate Xua eta gertuko senideak besarkatu gabe-Maddi jaio zen erietxean izan zuten tartetxoa kenduta Olatzen kasuan- eta orain hala segitu beharko dute".
Argi denez, lehendik ere indarrean ziren urruntze neurriei, orain, egun bizi dugun osasun krisialdiaren ondorioz, "denok dakigu presoen eta beren senideek emozio-karga handia jasaten ari direla: segurtasun-eza, urduritasuna, beldurra eta ezintasuna... Izan ere, espetxeetan isolamendua areagotzen ari da". Hartueman gero eta mugatuagoak dituzte presoek eta haien senide eta lagunek, konfinamenduak lehenik eta "deseskalatze" prozesuak gero eragindako eragozpenekin batera.
Nazioarteko erakundeen neurriak aplikatzeko eskaera
Testuinguru honetan, urruntzea lehenbailehen indargabetzea exijitzen du Etxerat-ek, eta "nazioarteko erakundeek pandemiaren hasieran gomendatu zituzten neurriak aktibatzea". Neurrion artean dira, "hirugarren gradura iristeko baldintzak dituzten presoak, gaixotasun larriak dituztenak, arrisku-taldean daudenak eta 65 urte baino gehiago dituztenak askatzea".
Horrekin batera presoei PCR probak egitea eskatzen du, "birusa espetxeetan sartu ez dadin eta komunikatzeko eskubidea eta osasunerako eskubidea duintasunez bermatzeko".
Horregatik Usurbilgo Mikel Laboa plazan eta Euskal Herriko beste hainbat plazetan, inoiz baino ozenago aldarrikatu zuten hilaren 28an, "presoek jatorrizko komunitateetan egon behar dutela, euskal presoek Euskal Herrian egon behar dutela". Hala balitz, euskal presoak etxetik hurbilen diren espetxeetan egongo balira, "Nafarroako eta Euskadiko erkidegoen osasun publikoko zerbitzuak izateko aukera izango lukete".