Usurbildarrak Kontxan

Ikuslerik gabeko Kontxako Bandera jokoan gaurtik

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 2a, 08:40

Sailkatze estropadak bi egunetan, ikuslerik gabeko jardunaldiak... Covid19-ak baldintzaturiko Kontxako Bandera jokoan gaurtik (irailak 2). Ezohiko edizio honetan ere usurbildarrak lehiatuko dira Donostiako uretan.

Arraun mundua koronabirus garaia gertutik bizitzen ari da. Zenbait talde estropadak jokatu ezinik geratu dira azken asteotan, talde kideren bati covid19-a detektatu diotelako. Bizi dugun osasun krisialdiak zuzenean eragingo du baita asteazken honetatik (irailak 2) jokoan izango den Kontxako Banderan ere. 

Ezohiko segurtasun neurri artean ospatuko da aurtengo edizioa. Ohituraz, ostegunez jokatuko litzatekeen sailkapen estropada bitan zatitu eta bi egunetan ospatuko da; gaur (hilak 2) emakumezkoen sailkapen proba, bihar (hilak 3) gizonezkoena. Biak arratsaldeko 17:30etan hasita.

Estropadetara ez joateko eskaera
Aldaketak baita bi igandeotan ere (irailak 6/13); ordubete lehenago ospatuko dira Kontxako Banderaren bi jardunaldiak. Emakumezkoena goizeko 10:00etan, gizonezkoena 11:00etan. 

Segurtasun neurri gehiago ere ezarri ditu antolakuntzak; besteak beste, ikusleei Donostiara ez joatea eskatu diete. Kontxako Banderaren jardunaldiak hedabideetatik ikustea galdegin dute; Euskal Telebistak zuzenean eskainiko ditu hitzordu guztiak. Ez da Gipuzkoako hiriburura joateko garraio zerbitzu berezirik izango aurten.

Usurbildarrak Kontxan
Emakumezkoetan aurten ez da herriko ordezkaririk izango. Gizonezkoetan, besteak beste, Hondarribiarekin Alex Udabe, Oriorekin Josu Ostolaza eta Ondarroarekin Iñaki Errasti lehiatuko da.


KONTXAKO BANDERA 2020
Sailkapen probak: irailak 2 (emakumezkoen sailkapen proba), irailak 3 (gizonezkoena), 17:30.
Jardunaldi egunak: irailak 6 eta 13. Aldaketa ordutegian: 10:00etan emakumezkoen arteko lehia, 11:00etan gizonezkoen artekoa.
Oharra: publikorik gabe eta segurtasun neurri artean ospatuko da aurtengo Kontxako Bandera. Bertara ez joateko deia egin dute antolatzaileek. Ez da garraio zerbitzu berezirik izango.
Informazio gehiago: Kontxako Bandera 2020
Parte hartzaileak: 
Emakumezkoak: A Cabo Club de Remo Chapela, Donostiarra Arraun Lagunak, Donostiarra-Lacturale, Hibaika Jamones Ancin, Hondarribia Arraun Elkartea, Isuntza-Elecnor, Lutxana-Ederra, Ondarroa Cikautxo, Orio, San Juan Igartza, SD Tiran, Pereira, Tolosaldea, Zumaia-Salegi jatetxea (Ez dute parte hartuko: Deusto-Tecuni-Bilbao, Lapurdi).

Gizonezkoak: Arkote Helvetia, Astillero, Bermeo Urdaibai Avia Echebastar, Cabo, Club de Remo Ares, Delteco-Zumaia, Deusto-Tecuni-Bilbao, Donostiarra-Amenabar, Getaria, Hibaika Susperregi Edukiontziak, Hondarribia Arraun Elkartea, Kaiku, Lapurdi, Lekittarra-Elecnor-BM, Mutriku, Ondarroa Cikautxo, Orio, Samertolameu-Oversea, San Juan, San Pedro-Serkom, Santurtzi-Transportes y Gruas Aguado, SD Tiran Pereira, SDR Pedreña-Grupo Dynasol, Zarautz-Babyauto, Zierbenas Bahias de Bizkaia.