"Aski da! Etxean eta bizirik nahi ditugu!", aldarrikatu dute larunbat arratsalde honetan Mikel Laboa plazan. Urgentziazko elkarretaratzea deitu du Usurbilgo Sortuk, atzo Martuteneko espetxeko bere ziegan Igor Gonzalez Sola euskal preso politikoa hilda agertu ostean. Heriotza ez, jazotakoa erahilketa izan dela salatu dute hainbat herritarrek, frontoi atzean egin duten mobilizazioan. Aipatu presoaren heriotza irmoki salatzeaz gain, Gonzalez Solaren senide eta lagunei doluminik zinezkoenak eta besarkadarik beroena helarazi nahi izan diete.
"Heriotza hau euskal preso politikoei ezartzen zaien espetxe politika kriminalaren ondorio da eta Espainiako Gobernuak du harekiko ardura zuzena. Erabaki politikoak hartzeko unea da, euskal presoak bahitu politikotzat hartzeari utzi eta etxerako bidean jartzeko", eskatu du Usurbilgo Sortuk.
"Heriotza hau ekidin zitekeen"
Gonzalez Sola espetxealdiaren hiru laurdenak beteak zituen, gaixo zen. Espainiako legedia eskutan, "heriotza hau ekidin zitekeen, Igorrek aske behar zuelako egon. Izan ere, Igor Gonzalez gaixorik zegoen eta Espainiako epaileek ezarri zioten zigorraren hiru laurdenak beteak zituen dagoeneko. Zergatik jarraitzen zuen espetxean? Zer asmo politikoren mesedetan?", galdetzen du Usurbilgo Sortuk.
Antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzera deitu du Sortuk, "denok konponbiderako bidea izan gaitezen", gogoetarako gonbita luzatzearekin batera. "Gertaera latz honek gogoeta kolektibo bat eskatzen duela uste dugu eta horretara deitzen ditugu euskal eragile politiko eta sozial guztiak: noiz arte jarraitu behar dugu egoera honetan? Zer nolako etorkizuna eraiki daiteke horrela?". Euskal Herriak urratsak behar dituela, eta orain behar dituela exijitu dute.