2020-21 ikasturtea

Era mailakatuan eta taldeka itzuli dira ikasleak, 6 hilabeteko etenaldiaren ostean

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 7a, 09:58

Abian da covid19-ak baldintzatuta, inoizko ezohikoena izango den 2020-21 ikasturtea. Ohiko joan etorriak ikusi ditugu 8:30ak jota, Udarregi Ikastolarantz. Baina gune ezberdinetan bildu edota ate ezberdinetatik sartu dira. 6 urtetik beherakoak izan ezik, denak musukoak jantzita, hainbat prebentzio neurriren artean. Sei hilabeteko etenaldi luzearen ostean itzuli dira.

Ohiko bideetatik tipi-tapa heldu dira ikasleak eta familiak Udarregi Ikastola atarira. Ikasturte ezberdin baten abiapuntuan garela adierazten duten hainbat ezberdintasun aurkitu ditugu; 6 urtetik beherako haurrak izan ezik, musukoak jantzita denak, eta gaurkoan ate ezberdinak izan dituzte sarbide. Udarregi Ikastolaren kasuan, eraikin gorriko Gernika ibilbideko sarbidetik, nahiz patio borobil aldeko frontoietatik sartzen ikusi ditugu ikasleak. Agerialden ere berdin; atzeko patioko atetik, Alperro-Buru kaleko sarbide nagusitik, baita jangela aldeko atetik ere.

Berez ikastola atariak beste urteetan maila ezberdinetako ikasle, guraso eta irakasleen topagune ohikoak liratekeenak, aurten oso jende gutxirekin aurkitu ditugu. Era mailakatuan eta taldeka elkartu eta bildu dira ikasleak. 

Sei hilabeteren etenaldi osteko itzulera
Gogoan izan, ikasleek sei hilabete daramatzate elkarrekin egon gabe ikastetxearen bueltan. Haur Eskola zabaltzearekin batera, DBH-ko 1. eta 2. mailako ikasleei harrera egin zieten iragan ostiralean. DBH 3 eta 4 mailetakoek astebete barru abiatuko dute ikasturtea. Astelehen honetan HH eta LH-koei egin diete harrera. Besteak beste, hilabeteotarako antolaketaren berri eman diete.

Egoera aldatzen ez den artean, klaseak erabat presentzialki jasoko dituzte ziklo guztietako ikasleek. Baina prebentzio neurriak hartuta noski. Ikastolatik asteotan berri eman eta zuzendaritzak Artezkaritza Kontseiluarekin batera iragan astean deitu zituen guraso bileretan berri eman zuten moduan, hainbat ñabardura izango ditu covid19-ak baldintzaturiko ezohiko ikasturte honek.