Zaila zuen eta halere lortu du; beste koxka bat gora egin du Usurbilek hondakinen gaikako bilketari dagokionean. Hondakinen %87 gaika biltzera heldu da udalerri hau, atez ateko sistemari esker. Hala diote, Usurbilgo Udalak kaleratu dituen 2020ko lehen seihilekoari lotutako datuek.
2019. urtekoekin alderatuta, puntu bat egin du gora; iaz %86ko gaikako bilketa zuen Usurbilek, aipatu moduan, 2020ko urtarriletik ekainerako ehunekoak aintzakotzat hartuta, bataz bestekoa %87,26raino igo da. Baina zenbait hilabeteetan (urtarrilean, martxoan edota ekainean %89ko muga ere gainditu zen).
Gaika hondakin gehiago bildu dira udalerri honetan, baina gutxiago sortu dela zehaztu du Udalak. "Hiri-hondakinei dagokionez, %6 gutxiago kudeatu dira. Guztizko errefusa ere, hiri-hondakinetatik eta industrietatik sortua, murriztu egin da: 206 Tn biltzetik, 185 Tn-ra pasatu da, sei hilabetean", Udaletik azaldu dutenez.
Arrazoi ezberdinak daude murrizketa horretan. "Batetik, nabarmen egin du behera kale garbiketan bildutako kopuruak: 37 Tn jasotzetik, 15 Tn jasotzera. Etxeetan, berriz, nabarmen egin du gora, nahiz eta ez den kale garbiketako beherakada bezainbeste hazi: 26 Tn jaso ziren 2019ko lehen seilabeteetan, eta, aurten, 38 Tn. Poligono eta komertzioetako errefusa, berriz, 2019koaren parekoa izan da (122 Tn)", Udaletik adierazi dutenez.
Mantendu edo %5-9 artean murriztu dira beste hondakin zati batzuk; papera, organikoa, ontzi arinak eta beira.
Gipuzkoaren oso gainetik
Foru Aldundiak plazaraturiko datuen arabera, iaz %58,21eko gaikako bilketa zuen Gipuzkoak. Usurbilgo bataz bestekoaren (%86) oso azpitik.