Zumetaren omenez

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 14a, 09:06
Rukulak Zumetaren omenez eskainitako kontzertua. Argazkia: Pako Agudo.

Apirilean zendu zen Jose Luis Zumeta omentzen segitzen dute; azken bi gorazarre keinuak eskultura eta kultur ziklo formatuan datoz. Juan Gorriti eskulturgileak "Chromlech" izeneko sortze lanaren pieza bat eman dio Usurbilgo herriari. Rukula musika taldeak bestalde, sortzaile usurbildarraren omenezko kontzertua eskaini zuen larunbatean Nafarroako Zaraten. Bertan, "Zumeta bihotzean" erakusketa ireki dute.

Han eta hemen, apirilean zendu zen Jose Luis Zumeta margolaria omentzen segitzen dute. Usurbilgo Udalak sare sozialen bidez berri eman duenez, "Juan Gorriti eskultoreak 'Chromlech' lanaren pieza bat eman dio Usurbilgo herriari, Jose Luis Zumeta artistaren omenez. Haren semeak entregatu die alkate Agurtzane Solaberrietari eta Usoa Zumetari". Hala dio eskulturak islaturiko mezuak: "Sentimendua da ikusten ez den kolorea. Maitasunez hiretzat Joxeluis".

Omenaldia Zaraten
Bestalde, Bedaio eta Azkarate artean, Nafarroako Zaraten "Zumeta bihotzean-Tabernan nahiago" erakusketa antolatu dute irailaren 26ra arte bertako Zaratetxean. 20 artistek beren lanak ikusgai jarriko dituzte, Azken Muga ekimenaren baitan. Asteburuetan irekiko dute: ostiraletan (18:00-20:00 artean), larunbatetan (11:00-13:00/18:00-20:00) eta igandeetan (11:00-13:00).

Hitzordu honen bueltan, artista parte hartzaileek mural bat sortzekoa zuten larunbatean eta Rukula musika talde usurbildarrak kontzertua eskaiini zuen. 


Argazkiak: Usurbilgo Udala / Pako Agudo.