Topaketa Feministak

"Orain gure txanda iritsi da, gure gizartearen oinarria harrotu eta behar dugun aldaketarako hazia ereiteko"

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 19a, 19:41

Hasi bezala amaitu dituzte Usurbilgo Topaketa Feministak, gaurko hitzorduetarako hautatu duten "Harrotu eta erein" leloari gorazarre eginez. Goizean goiz hasi dituzten topaketak, adierazpen bat plazaratuz amaitu dituzte arratsaldean frontoian. Gaurkoa beste "egun bat gehiago" izan ez dela nabarmenduz. "Hau ilusio handiarekin azken hilabetean sortu dugun proiektua kalera ekarri dugun lehen eguna da, eta harekin batera, gu ere kalean izango gara. Inurriak bezala, egunerokoan lanean eta borrokan jarraituko dugu, esparruak geureganatzen eta askatzen. Mila aldiz esan duguna errepikatuz, kaleak geureak dira, eta hori erakustera gatoz". Hau ez da mugimendu feministaren "aktibazio koiuntural bat, hau belaunaldiz belaunaldi emakumeek* aurrera eramaten duten prozesuaren jarraipena da. Orain gure txanda iritsi da, gure gizartearen oinarria harrotu eta behar dugun aldaketarako hazia ereiteko". Hemen, frontoian egin duten amaiera ekitaldian plazaratu duten adierazpena osorik. 

HARROTU ETA EREIN
Hemen gaude beste behin, gure aldarrikapen eta salaketak plazaratzeko. Ez, ez dugu nahikoa urtean pare bat egun kalera irtetearekin. Sistema heteropatriarkal kapitalistak egunero zapaltzen gaitu eta guk egunerokoan egingo diogu aurre.

Bizitza osoan zehar entzuten jarraitu beharko dugu besteengandik zer garen eta nola jokatu behar dugun, panpinak bezala: erabakitzeko eta are gutxiago subjektu aktibo izateko inongo gaitasunik izango ez bagenu bezala. Gure borroka feministak ordea hortan datza hain zuzen ere, emakume* eta gazte izaera hori geureganatu eta birdefinitzea, burujabetzatik gure ahotsak entzunaraztea eta besteek marraztu diguten bidetik irtetzea, geurea eraikiz.

Irudi faltsu bat sortu dute, non badirudien neska* gazteok irabazi dugula jada, gizartea feminista dela, eta hala eta guztiz ere borrokatzen segi dezakegula, onartu egiten dutela. Noski, beti ere sistemarentzat erosoa den modu batean. Ez egin trabarik, ez kexatu gehiegi, urtean zehar dena barnean gorde eta egun berezietan hustu. Guk ez dugu onartuko inork inposatzea gure borrokak nolakoa izan behar duen, aldaketa bat bilatzen dugu, eta aldaketak ezerosoa izan behar du benetakoa izateko. Normala zer den asmatu dute eta gu lekuz kanpo utzi nahi gaituzte. Baina normaltasuna bat bakarra eta itxia bada, guk irauli egingo dugu.

Feminismoa banakoaren eskubideen kontua dela diote, ez dute ezer ulertu ordea. Feminismoak emakume* oro askatzea bilatzen du, zeharkatzen gaituzten zapalkuntza ardatz guztietatik, eta horretarako, gure artean elkartzea da ezinbestekoa. Komunitate osoak egon behar du erdigunean. Gainontzekoak zaintzeko hezi gaituzte, karga erraldoia jarriz gure sorbalden gainean, aldi berean elkar zapaltzera bultzatuz, gure kontura elikatzen den sistema indartzeko. Honen aurrean, gure burua eta elkarren artean zaintzea da gure gaitasun iraultzailerik handiena. Zaintza horri buelta eman eta benetan gu babesteko balio duen modu batean berreraikitzea. Zenbat aldiz erasotuko genuen elkar konturatu gabe denok partekatzen dugun etsaia elikatzen ari ginela. Garai horiek bukatu dira ordea. Orain elkarri eutsi eta babesteko unea dela argi dugu, fronte komun bat osatzeko garaia.

Denen aurrean argi utzi dugu behin eta berriz ze indar dugun elkartzean, geldiezinak bihurtzen baikara. Horregatik gure ezinbesteko behar bilakatu da antolatzea eta elkar saretzea. Tapiz erraldoi baten hariak bezala, zenbat eta elkartuago, sendoagoa da gure batasuna, denok batera etengabe eraikitzen ari garen bidea. Banaka indartsuak gara, baina elkarrekin? Elkarrekin sistemaren zutabeak balantzaka jartzeko gai gara. Horregatik gaur hemen ez dituzue soilik herriko neska* gazteak, zentzu batean eskualdeko neska* gazte guztiak gaude, hau baita gure harremantzearen hasiera markatu duen inflexio puntua. 

Ez zaitezte konfunditu. Hau ez da egun bat gehiago, hau ilusio handiarekin azken hilabetean sortu dugun proiektua kalera ekarri dugun lehen eguna da, eta harekin batera, gu ere kalean izango gara. Inurriak bezala, egunerokoan lanean eta borrokan jarraituko dugu, esparruak geureganatzen eta askatzen. Mila aldiz esan duguna errepikatuz, kaleak geureak dira, eta hori erakustera gatoz.

Mugimendu feminista esnatze prozesu batean dagoela diote batzuek, baina guk argi dugu ez garela inongo momentuan lokartu. Hau ez da aktibazio koiuntural bat, hau belaunaldiz belaunaldi emakumeek* aurrera eramaten duten prozesuaren jarraipena da. Orain gure txanda iritsi da, gure gizartearen oinarria harrotu eta behar dugun aldaketarako hazia ereiteko.