Irailak 27

"Zor dieguna ez dugu inoiz ahantziko"

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 27a, 13:45
Irailaren 27a gogoan gaur, frontoi atzealdean. Argazkiaren egilea: Sortu.

Irailak 27 ditu gaur, oroimenerako eguna Euskal Herrian. Baita Usurbilen ere, frontoi atzealdeko ondoko irudiak erakutsi bezala. 

Sare sozialen bidez, Ernai Buruntzaldeak adierazi duenez, "amnesiara kondenatu nahi gaituzten honetan, eta haien errelato bakarra gezurren bidez zizelkatu nahi duten honetan, Buruntzaldeako eta, oro har, euskal gazteria osoak haien oroimena borrokarako grina bihurtuz, Herri hau askatzen jarraituko dugu".

Usurbilgo Sortuk ondoko adierazpena kaleratu du:

SORTUREN ADIERAZPENA
Irailak 27
Bizitza duina ahalbidetzeko aukera, biziraupenaren aldeko borrokaren uzta.

Koronabirusak tragedia erraldoia ekarri du, egungo sistema sozial, ekonomiko eta politikoaren gabeziak eta injustiziak sakonduz, eta, une berean, agerian utziz. Errepresioaren pandemiak ere jarraitzen du gurean, berriki Igor González Sola preso politikoaren bizitza eraman du. Euskal Herritik at hartzen dira gure bizitza baldintzatzen dituzten erabakiak, eta nabarmena da inoiz baino beharrezkoagoa dela gure buruaren jabe bilakatzea, bestela bizitzeko, hemen eta mundu osoan.

Geroari so egin behar diogu, nondik gatozen aintzat hartuta. Bizirauteko hautua egin zutelako gaude bizirik herri gisa. Duela hainbat hamarkada Euskal Herriaren herri gisako biziraupena zegoen kolokan, batetik, diktadura frankistak erabateko asimilazioa zuelako helburu; eta, bestetik, ekonomia, jendarte eta pentsamendu mailako aldaketek berezitasunen desagerpena eragiten zutelako, frantziar eta espainiar Estatu posinperialen eskualde bilakatzeko arriskua nabarmena zela. Areagotzen ari zen subordinazioaren kontra matxinatu ziren gazte ero batzuk, eta hamaika esparrutan hartu zuen indarra euskal matxinadaren suak. Estatuen erantzuna errepresioa eta satanizazioa izan zen: euskal basakeria espainiar eta frantziar zibilizazioaren aurka, tortura eta estatu terrorismoa zibilizazio horren adierazpen argigarriak direla.

Borrokak bideak irekitzen ditu. Munduan eman diren aurrerapen oro borroka askatzaileen ondorioak dira. Borroka askatzaileek hobetzen dute mundua, baina konkista sozial guztiek pribilegiatuen nagusitasuna urratzen dute, eta goikoak ez dira geldirik egoten. Borroka askatzaileen deslegitimazioa borroka bera bezain zaharra da. Indarkeria politiko batzuen gaitzespen moralistaren forma hartzen du, edo jendarte hausturaren narratiba, baina, sakonean, protesta eta beste mundu baten eraikuntza da deslegitimatu nahi dutena. Mundu osoan, eta Euskal Herrian ere bai!

Beste mundu baten eraikuntza da galarazi nahi dutena. Oraingo menderankuntzen defentsari errelatoaren lehia diote, eta batzuk amua irentsi eta moralismoaren joko zurian erori dira. Beste batzuk, berriz, badakigu zer den sakonean dagoena. Politika eraldatzailearen aukera da kriminalizatu nahi dutena, 78ko erregimena eta Frantziako bosgarren errepublika gainditu eta beste instituzionalizazio prozesuak garatzeko aukera, hots, haustura demokratikoen aukera.

Biziraupenaren lehia irabazi zuten belaunaldi ezberdinetako gazte eroek, horregatik dago gure eskuetan bizitza duinaren erronka. Zor dieguna ez dugu inoiz ahantziko. Ez ditugu inoiz ahantziko, haien borroka askatzaileei esker sortu direlako egunko aukera berriak. Herri gisako bizitza erdigunean jarri zutelako gaude bizirik. Biziraupenaren erronkaz arduratu zirelako dugu gure aurrean bizitza duinaren lehia. Omenaldirik onena, askapenaren bidetik urrats berriak ematea!