"La Vuelta"

Abiada bizian zeharkatu dute txirrindulariek Usurbil eta Aginaga

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 20a, 15:56

Irun eta Arrate lotu dituen "La Vuelta" txirrindularien itzuliko lehen etapak Usurbil eta Aginaga inguruak zeharkatu ditu, txapelketa hau tarteko, guztiz itxi egin behar izan duten N-634 errepidetik barrena.

Ezohikoa bizi dugun osasun krisialdagatik, urte garaiagatik eta txapelketa beragatik baita. Abuztuan jokatu behar zuten, baina urrira atzeratu dute. Gaurkoak izatez laugarren etapa izan behar zuen, baina covid19-aren eraginez eginiko moldaketak estreinakoan bilakatu dute. Udatik udazken partera atzeraturiko txapelketak udalerri hau zeharkatzen duela ikustera ez gaude ohituak. 

Sarritan, Euskal Herriko Itzulia izaten da Usurbil aldetik igarotzen dena. Gaurkoan ordea, urriaren 20an, Espainiako "La Vuelta" itzuliko txirrindulariek zeharkatu dute inguru hau. N-634 errepidetik barrena  heldu dira, Txikierditik Usurbila lehenik eta handik Aginagara. Irun eta Arrate lotuko dituen 173 kilometroko 26. kilometroa zuten parte hartzaileek Usurbil, 29,5. kilometroa Aginaga.

Aipatu moduan, ziztu bizian heldu dira N-634 errepidetik barrena txirrindulariak. Nabari zen bazetozela; Udaltzaingoak garaiz itxi ditu aipatu errepidera sartu nahiz irteteko lotuneak. Atxegalde parean izan da NOAUA!. Autoak sarbidean geratuta zeuden. Zaletu hainbat bide ertzeetan, mugikorrak eskuetan, txirrindulariak noiz helduko zain.

Pelotoitik urrunduta iritsi dira lehen bostak. Seigarrena handik gutxira. Atzerago gainerakoak, denetariko koloredun elastikoekin. Begiak itxi eta irekitzerako desagertu dira. Berehala zabaldu dute N-634 errepidea.

Informazio gehiago: lavuelta.es

2020ko Itzulia 2021era atzeratua
Punta-puntako txirrindulariak bitan zeharkatzekoak ziren Usurbil urte honetan. Abuztutik urrira atzeratu den "La Vuelta" probaren baitan, baita apirilean ospatzekoa zen Euskal Herriko Itzulian ere. Oreretan hasi eta Sestaon amaitzekoa zen apirilaren 10eko bosgarren etapa Usurbildik igarotzekoa zen. Covid19-a tarteko ordea, 2021era atzeratu dute. Asmoa, apirilaren 5etik 10era ospatzea litzateke, baina antolakuntzak ohartarazi duenez, "baliteke hurrenkera edo ibilbidea zertxobait aldatzea. Egutegia oraindik ez da ofiziala". Informazio gehiagorako: itzulia.eus