Merkataritza hizpide

Kamden: "Hemen bonua gutxi batzuentzat izan da erabilgarria”

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 22a, 09:07
Kamden Akademiaren arduraduna. Argazkiaren egilea: Ion Markel Saez de Urabain (gertuago.eus).

Usurbilgo ostalari eta merkatariekin NOAUA! egiten ari den errondaren baitan, Kamden Akademiarekin bildu da hedabide hau; covid19aren eraginaz edota Gertuago kanpainaz aritu gara solasean.

NOAUA! Zer nolako harrera izan du Gertuago kanpainak zuenean?
Kamden Akademia: Harrera ona izan du, baina kontua da gure kasuan bost edo sei ikasleren artean erosi dituztela bonu guztiak. Orduan, ikasleentzat ona izan da, baina oso gutxik aprobetxatu duten laguntza izan da. Batek 18 bat bonu erosi ditu, beste batek 10 uste dut. Orduan, gutxi batzuentzat izan da erabilgarria.

Nola ari zarete funtzionatzen pandemia garai hauetan?
Bost talde ditugu momentu honetan, eta bi modu semipresentzialean egiten ari dira. Gelak txikiak dira eta ikasle kopuru oso murriztuak jarri behar izan ditugu, eta zentzu horretan kurtso hasiera hau ez da errazegia izan taldeak egiterakoan. Kontua da bonu sistema honekin arazoak izan ditugula parte hartu duten ikasle batzuekin, behin bonuak erosita konturatu baitira klase orduekin arazoak dituztela, eta beraz, gehiegi erosi dituztela edo jada ez dituztela behar. Orduan hilabete batzuetarako bonuak hartuta zituzten eta dirua itzultzea tokatu zaigu, horrek dakarren lanarekin. Azkenean, bonuek aste edo hilabete batzuetarako diru kopurua berdintzen dute, eta ez dira klaseko erosten. Hori izan da arazoaren muina.

Zein da Gertuago kanpainaren inguruan egiten duzun balorazioa?
Ideia ona dela uste dut, batez ere dendak dituzten horientzat. Gure kasuan, planteamendua desberdina da eta arazotxo horiek izan ditugu, orduan tira, bi aldeak ikusten dizkiot nik. Erosketa puntualetarako egoki ikusten dut, baina akademia bat izanda ez da horren erraza funtzionamendua.