Koronabirusa

Gaueko etxeratze-agindua martxan, neurri murriztaile gehiagoren artean

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 26a, 12:23

Covid19-aren hedapena tarteko, Espainiako Gobernuak igandean iragarritako estatu osoa alarma-egoeran martxan da igandeaz geroztik 15 egunez, baina 6 hilabetez, 2021eko maiatzaren 9ra arte luzatu nahi dute. Udaberrian indarrean izan zenarekin alderatuta, oraingoan, momentuz behintzat orduko konfinamendu orokorrik ez dela izango iragarri du Espainiako Gobernuko presidenteak; etxeratze-agindua iragarri du gauez, bilkurak 6 pertsonetara mugatzea... Neurriok halere tokian tokiko autonomia erkidegoetako gobernuek moldatu ahal izango dituzte.

Berriz ere alarma-egoeran da Hego Euskal Herria, Gipuzkoa, eta honenbestez, baita Usurbil ere. Espainiako Gobernuak iragarri du igande honetan eta indarrean dago jada estatu osoan; hasiera batean 15 egunerako (azaroaren 9ko gauerdira arte) baina adi, Espainiako Gobernuak sei hilabetez luzatu nahi du, 2021eko maiatzaren 9ra arte.

Covid19-aren bigarren olatuari aurre egiteko instrumentu eraginkorrena alarma-egoera dela ziurtatu du igande honetan Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek. Baina martxoaren 14an indarrean jarri zutenarekin alderatuta, hainbat desberdintasun izango ditu. Momentuz behintzat, konfinamendu orokorrik ez da izango, baina etxeratze-agindua ezarri du 23:00-06:00 artean. Autonomia erkidego bakoitzak aipatu aginduaren hasiera eta amaiera ordua ordubete aurreratu edo atzeratu ahalko du; alegia, asko jota, 22:00etan hasi eta 07:00ak arte luzatu daiteke etxeratze-agindua. Horrez gain, erkidego osoa edo zati bat konfinatzeko ahalmena ere izango du; gurean Eusko Jaurlaritzak EAE mailan. Kogobernantzaren alde egin zuen Espainiako presidenteak igandeko agerraldian; honenbestez, datozen ordu eta egunotan Eusko Jaurlaritzak EAE-rako iragarri ditzakeen egokitzapenen zain egon beharko gara. Gogoan izan, Jaurlaritzak bilkurak 6 pertsonetara murriztea eskatu zuen. Oinarrizko eskubideen aurka egiten zuelakoan, Euskadiko Auzitegi Gorenak aldiz, ez zuen neurri hau baimendu eta aholku moduan indarrean da ostiralaz geroztik. Gaur Espainiako Gobernuak bilkurak 6 pertsonetara murriztea agindu du.

368ko intzidentziatik 25era jaistea helburua
Lau alerta maila finkatu ditu Madrilek, pandemiaren egoeraren larritasuna neurtzeko: baxua (14 eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia 25 kasutik beherakoa denean), ertaina (25etik gorakoa denean), altua (150etik gorakoa denean) eta muturrekoa (250etik gorakoa denean). Alarma maila bakoitzak neurri sorta bat aurreikusia du. Hainbat irizpideren arabera hartuko lirateke neurriok; kutsatu kopurua, ospitaleetan dagoen ohe kopurua...

Espainiako gobernuko presidente Pedro Sanchezek zehaztu duenez, estatuak egun 100.000 biztanleko 14 eguneko 368ko intzidentzia metatua du, 25etik beherakoa izatea da erronka. Esan beharrik ez da, jorratzea egokitzen den ibilbidea ze tamainatakoa den. Halere, koronabirusa orain hobekiago ezagutu eta covid19-ari aurre egiteko baliabide gehiago daudela adierazi du Sanchezek.

"Gutako bakoitzaren eta denon lana da" gogorarazi zuen igandeko agerraldian, pandemiaren bigarren olatu hau murriztea, edozein arau, alarma-egoeraren zain egon gabe. "Badakigu zer egin behar dugun", zioen, herritarrei zuzenduta. Ahal den heinean etxean geratu, mugikortasun eta hartuemanak ahalik eta gehien murriztea eskatu du, norberaren, ingurukoen eta gizarte osoaren osasuna babesteko.

Oraingoan, "kogobernantzaren" alde egin zuen eta alderdi politikoei, alarma-egoera hau sei hilabetez luzatzeko babesa eskatzen die. Aste honetan eztabaidatu eta bozkatu nahi dute Madrilgo Diputatuen Kongresuan.

ALARMA-EGOERA BERRIAREN EZAUGARRI NAGUSIAK
-Alarma-egoera estatu osoari eragiten dio, honenbestez baita Hego Euskal Herri osoari. 
-Alarma-egoeraren iraupena: momentuz 15 egun, azaroaren 9ko gauerdira arte. Baina Espainiako Gobernuak 2021eko maiatzaren 9ra arte luzatu nahi du. Hurrengo astean eztabaidatu nahi dute Madrilgo Diputatuen Kongresuan.
-Etxeratze-agindua 23:00-06:00 artean. Autonomia erkidego bakoitzak, etxeratze-aginduaren hasiera ordua 22:00etara aurreratu edo gauerdira atzeratu ahalko du. Amaiera orduarekin ere berri egin ahalko du, 5:00etara aurreratu edo 7:00etara atzeratu ahalko du. Salbuespenak, justifikatuak dauden ohiko egoerak: oinarrizko produktuak (sendagaiak...) eskuratzea, osasun zentroetara joan behar izatea, lanera joan beharra izatea, etxera itzultzea, adin txikikoen nahiz helduen zaintza lanak, osasun arrazoiak...
-Bilkurak 6 pertsonetara murriztea, etxe berean elkarbizi direnen kasuan izan ezik.
-Era berean, autonomia erkidegoetako sartu-irteerak mugatuak daude. Soilik justifikatutako egoerak tarteko igaro liteke autonomia erkidego batetik bestera: osasun zentroetara joatea, lan edo ikasketengatik mugitu beharra, zaintza lanak, beharrezko tramitazioak, azterketak egin beharra... 
-Erabakiok autonomia erkidegoek moldatu ahalko dituzte. Autonomia erkidego bakoitzak bere lurralde osoa edo zati bat konfinatu ahalko du.

Xehetasun gehiago, Estatuko Aldizkari Ofizialak argitaraturiko Espainiako Gobernuaren erabakian duzue, esteka honetan: Estatuko Aldizkari Ofiziala