Udarregi Ikastolari lotutako hiru lan deialdi

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 5a, 08:00

Adi Udarregi Ikastolak plazaraturiko ondoko deialdi hauei. Hiru langileren bila dabil ikastola. Lerrootan dituzue lan eskaintza hauei buruzko xehetasunak.

Hiru langileren bila dabil Udarregi Ikastola. Batetik, "DBHn ingeles arloko aldi baterako ordezkapena betetzeko irakasle bat behar du. Ingeleseko lizentziaduna eta Gaitasun Pedagogikoko Agiria aurkeztu behar ditu". Horrekin batera, "Gizarte Zientziak Ingelesez emateko 6 orduko lanaldia betetzeko irakaslea behar du. Gizarte Zientziatan lizentziaduna, Ingeleseko titulua (Advanced edo baliokidea) eta Gaitasun Pedagogikoko Agiria" eskatzen ditu Ikastolak.

Deialdi hauei duela egun gutxi Ikastolak plazaratu zuen hirugarren bat batu behar. Aldi baterako ordezkapen bat betetzeko langile bat kontratatu nahi du Udarregi Ikastolak. Sare sozialen bidez berri eman duenez, “Ikastolak DBHn musika arloko aldi baterako ordezkapena betetzeko irakasle bat behar du”. Interesdunek goi-mailako musika titulua eta gaitasun pedagogikoko agiria aurkeztu behar dituzte. “Zatoz, Udarregi Ikastolako komunitatera!”, animatu dute Ikastolatik.

Ikasketa-bekak
2020-21 ikasturterako Eusko Jaurlaritzak bideraturiko bekak eskatzeko epea azaroaren 9ra arte egongo da zabalik. "Era berean, Udarregi Ikastolak, irakaskuntzaren finantzazioari laguntzeko asmoz, beka-sistema propioa eskainiko die bere bazkideei", berri eman dute ikastolatik. Xehetasun gehiago hemen: udarregi.eus

Seaska egutegia salgai
Urte bukaera heltzearekin batera, Seaska egutegia salgai jarri du Udarregi Ikastolak. "Jasoko duen dirua Iparraldeko eta Nafarroako ikastolentzat" izango da ohartarazi dute ikastolatik udarregi.eus atarian. 4 eurotan eros daiteke egutegia ikastolako idazkaritzan. "Aurten gainera oparitxo batekin datoz Iparraldeko ikastolak!", iragarri dute Udarregitik.